2023/2/4
Bigarren zatian kontraerasoan jasotako bi golekin galtzen du CD Getxo taldeak jokalari bat gehiagorekin egon arren
CD Getxo taldeak porrot bat hartzen zuen Santurtzi taldearen aurrean gaur arratsaldean Faduran jokatutako norgehiagokan eta 1-3 emaitza batekin amaitzen zela. Nahiz eta jokalari bat gehiagorekin jokatu bigarren zati osoan talde getxotarrak, kontraerasoan bi gol jasotzen zituen eta ezin zuen norgehigoka irauli.
Oso ondo zelairatzen zen Getxo taldea eta bederatzigarren minutuan lehen abagune garbia zeukan gola lortzeko. Ibarrak oinez errematatzen zuen ezkerretik zetorren baloi bat area barruan, baina bere jaurtiketak bete betean jotzen zuen zutoinean. Pixkanaka pixkanaka Santurtzi lerroak aurreratzen zihoan eta baloi geldiko jokaldietan hurbiltzen zen Getxo taldearen areara. Horietako ertzeko sake batean gola lortzen zuen Castañok jokaldi nahasi batean. Talde getxotarraren atezainari lurreratzen zuen Santurtziko jokalari batek, baina epaileak jokuak jarraitzen zuela erabakitzen zuen eta Castañok gola egiten zuen.
Gola jaso ondoren, Getxo taldeak falta bat botatzen zuen arearen eskuin ertzetik eta atezainak ukabilez aldaratzen zuen baloia Ayoren jaurtiketaren ostean. Lehen zati honetako berrogeigarren minutuan Guerrasek bigarren txartel horia ikusten zuen eta jokalari bat gutxiagorekin geratzen zen talde santurtziarra. Atsedenaldira heldu baino lehen talde getxotarrak berdintzen zuen Lukenen gol batekin baloia oinez bultzatzean area txikian eskuinetik zetorren ertzeko sake batean.
Bigarren zatian, eta jokalari bat gehiagorekin jokatzean, talde getxotarrak gora estutzera zelairatzen zen, baina bi kontraerasotan harrapatzen zituen Santurtzi taldeak eta Castaño eta Kepa del Olmoren golak heltzen ziren bederatzi minututan. Horrela, bigarren zatiko hamabostgarren minutuan 1-3 galtzen zihoan talde getxotarra.
Hiru minutu geroago norgehiagokan sartzeko aukera berriro ere zeukan talde getxotarrak, baina Ayoren burukada gurutzatuta gutxigatik kanpora zihoan zutoinaren ondotik. 1-3 emaitzarekin Santurtzi oso ondo kokatuta zegoen zelaian, zirrikutuak izten talde getxotarrari defentsan, eta norgehiagokaren zama eraman arren, kostatzen zitzaion arriskua sortzea CD Getxo taldeari. Kanpotik saiatzen zuen, baina jaurtiketa bat gora joaten zitzaion eta Lukenen jaurtiketa batean atezainak bi zatitan harrapatzen zuen baloia.