2022/2/3
Sexu-hezkuntza sustatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, ikasturte honetan Getxoko Udala berriro sustatzen ari da Berandu ez heltzeko hezkuntza afektibo-sexualeko eta Eraldatzen indarkeria matxistaren prebentzio programak. Bi programa horiek 2007tik aurrera garatzen ari dira udalerriko ikastetxetan, ikasleen irakasleen eta familien aintzatespenarekin. Carmen Díaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu du ”gazte getxotarrak prestatzeko funtsezko programak dira, berdintasunaren alorreko hezkuntza sustatzea baita etorkizuneko bidea indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko. Helburua da jarrera eta portaera sexistak eraldatzeko espazio erreferente bat sortzea, kultura matxista arbuiatzen duten ekimenak ezagutarazteko eta jarrera urratzailea eta positiboa duten gazteei balioa emateko”.
Carmen Díazek gehitu du “ziur gaude gure adingabeei sexualitatea modu kontziente, egoki eta errespetuzkoan bizitzen irakatsiko dien sexu-heziketaren garrantziaz, estereotipoetatik, arriskuetatik eta osasunerako kaltegarriak diren jardunbideetatik aldenduta; norberarekiko eta gainerako pertsonekiko zaintza eta errespetua sustatuz. Izan ere, indarkeria matxistaren fenomenoa arazo sozial garrantzitsu eta kezkagarrienetako bat bihurtu da. Ertzaintzaren datuen arabera, neska gazteen aurkako indarkeria gero eta handiagoa da, eta erasotzaileen batez besteko adina, berriz, jaisten ari da. Errealitate horren aurrean, indarkeriaren prebentzioan lan egiten jarraitu behar dugu, are gehiago berdintasuna konkistatuta dagoela uste denean”, azpimarratu du zinegotziak.
“Berandu ez heltzeko”
Berandu ez heltzeko programaren tailerrak Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta DBHko 2. mailan ematen dira. 2021-2022ko ikasturtean zehar, hainbat ikastetxetako 40 taldek parte hartzea espero da (aurreko ikasturtean bezala), besteak beste, San Nikolas ikastolak; J.B. Zabala, Trinitarias eta Azkorri ikastetxeek, Aixerrota institutuak eta Fadurako Lanbide Heziketako ikastetxeak.
Lehen Hezkuntzarako ezarritako helburuen artean hurrengoak daude: ikasleek sexu-gaiei buruzko ezagutzak zabaltzea, norberak bere gorputza zaintzea, errespetatzeko eta arduraz jokatzeko jarrera hartzea, eta komunikazio enpatikoko trebetasunak eskuratzea. Adin horietan errazagoa izaten da alderdi kontzeptuala lantzea.
Bestalde, DBHko 2. mailan, helburua da ikasleek giza sexualitateari buruzko oinarrizko ezagutzak zabaltzea, haien errealitateak uler ditzaten. Horretarako, kontzeptuak, mitoei buruzko gogoeta- eta azterketa-dinamikak eta indarkeriarik gabeko komunikazioa sustatzeko jolasak eskaintzen zaizkie. Saioetan, konfiantza handitzen den heinean, ikasleak beraiek libre sentitzen dira gai zehatzak eskatzeko, hala nola genitalei eta sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko.
“Eraldatzen”
Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko DBHko 3. mailako ikasleei zuzendutako hezkuntza-programan sei ikastetxetako 5.000 gaztek hartu dute parte (Azkorri eta Europa ikastetxeak, San Nikolas ikastola, Aixerrota institutua eta Fadura Lanbide Heziketa), 2007an abian jarri zenetik. Ikasturte honetan 26 taldek parte hartuko dute (aurrekoaren antzekoa), eta saioetan gazteen arteko indarkeria sexista aztertuko da, maitasun-ereduei buruz hausnartuko da, indarkeria matxistari eusten dion sistema heteropatriarkala desmuntatuko da eta geletan indarkeria matxista desagerrarazteko erabiltzen diren tresnei buruz hausnartuko da, orokorrean