2022/9/16
Eunate Fernández eta Amélie Fanierren testuak saritu dituzte haurrentzako ‘Txiki Baskardo’ kontakizun lehiaketan
‘Ramiro Pinilla’ eleberri laburren lehiaketaren bosgarren edizioko sarien irabazleak ezagutzera eman dira gaur Muxikebarri zentroan. Getxoko Kultur Etxeak Pinillesca kolektiboarekin elkarlanean bultzatu du ekimen hori, sorkuntza literarioa sustatzeko eta egile getxotarraren oroimena babesteko. Aurten, Nerea Baldak irabazi du euskarazko lanen saria eta Chelo Sierrak gaztelaniazko testuen atalarena. Bestalde, Eunate Fernández Ayo eta Amélie Farnier Usón getxotar gazteen testuak saritu dituzte ‘Txiki Baskardo’ haur kontakizunen lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.
Nerea Baldaren ‘Azpimarrak’ eleberriak (1975, Irurtzun) ohikoak diren gaiak jorratzen ditu gaurkotasuna emanda, hala nola amatasunaren aurkako zalantzak eta beste pertsona baten aitatasunaren aurkikuntzaren aurreko harridura, benetako lekuetan gaur egungo egoerak eta gertaerak kontatuz. Epaimahaiaren hitzetan, «xehetasun txikiei arreta berezia eskaini die egileak, publikoaren konplizitatea bilatuz, eta erotismoaren tratamendu aberatsa egiten du, gorputza ez ezik, zentzumen guztiak ere kontuan hartzen dituena».
Idazle nafarra Euskal Filologian lizentziaduna da eta bigarren hezkuntzako irakasle lana uztartzen du literaturarekin. Zenbait lanen egile, 2018an lehiaketa getxotarraren lehen edizioan ere irabazle suertatu zen ‘Atzerrian’ eleberriarekin, Pamiela argitaletxeak argitaratua. Era berean, 2018an Iruñeko Udalaren euskarazko XXVIII. Literatura Lehiaketaren lehenengo saria eskuratu zuen Narrazio Laburraren kategorian, Ahizpak izeneko testuarekin. Edizio berean poesiaren ataleko saria ere eskuratu zuen Patriketan gordeak poema-bildumarekin.
Bestalde, Chelo Sierra Lópezek (1961, Madril) gaztelaniazko lanentzako saria irabazi du La mala intención eleberriarekin. Eleberriak genero beltz satirizatua eta kostunbrista nahasten ditu, eta artearen munduan barneratzen da, errealismo magikoarekin, umorearekin eta ironiarekin jolasteko. Lan horri buruz, epaimahaiak «parodia-elementuekin, umore askorekin eta maltzurkeria dibertigarriarekin egindako eraikuntza eta generoaren muga klasikoak gainditzeko gaitasuna» nabarmendu ditu.
Idazle, publizista eta zenbait egunkaritan zutabegile, Caceresen bizi den Madrildar idazleak El efecto avispa (2019), Bonsáis (2019) eta Setenta y dos vírgenes (2020) eleberriak argitaratu ditu, baita hainbat kontakizun eta mikro-kontakizun liburu ere, esaterako, El síndrome de Peter Pan (2012), La teoría de Polch (2012), Desencuentos (2014) eta La mirada del Orangután (2017). Bere ibilbidean zehar sari anitz lortu ditu literatura lehiaketetan, besteak beste, Narratibako Ana María Matute saria, Princesa Galiana (2014) eta Encina de Plata (2018) eleberri laburreko sariak eta Badajozeko Poesia Esperimentaleko lehiaketako bigarren saria (2015).
Bosgarren edizioa
Ramiro Pinilla 'lehiaketaren bosgarren ediziora 170 lan aurkeztu dira; horietatik 10, euskaraz. Parte-hartzaileetako 26 Euskaditik (6 getxotarrak dira) eta Nafarroatik datoz, eta gainerakoak, ia estatuko geografia osotik. Matxalen Gaminde, Inazio Mujika eta Txani Rodríguez izan dira epaimahaikideak aurten eta sari bakoitzak 6.000 euro eta 1.000 euroko laguntza izango ditu lanak argitaratzeko.
Txiki Baskardo 'lehiaketa
‘Txiki Baskardo’ haur kontakizunen lehiaketari dagokionez, Eunate Fernández Ayo IES Caro Baroja ikastetxeko ikasleak euskarazko saria jaso du aurkikuntza arkeologikoei buruzko kontakizun batekin. Bestalde, Aixerrota institutuko Amélie Farnier Usónek irabazi du gaztelaniazko lehiaketa, bi neskato ausart eta boteretsu protagonista dituen irudimenez beteriko ipuinari esker. Lehiaketaren aurtengo edizioan, honako ikastetxe hauetako DBHko 1. mailako ikasleek parte hartu dute: Azkorri, Europa, Julio Caro Baroja, Artaza-Romo, Aixerrota eta Santísima Trinidad.