2022/5/16
Kultur Etxeak 120.000 euro esleitu dizkio, gehienez, getxotarrek asmatutako edo egindako proiektuen erakusteari
Bertoko elkarte eta enpresek nagusiki proposatutako 22 proiektu aukeratu ditu Getxoko Kultur Etxeak 2022. urtean zehar udal zentroetako programazioan txertatzeko. Proposamen horiek guztiek joan den urtearen amaieran abiarazitako Programazio Artistikoaren bigarren deialdian parte hartu zuten, getxotarrek bultzatutako proiektu artistikoen erakusketa sustatzeko eta bultzatzeko helburuarekin.
Guztira, 38 proiektu aurkeztu ziren deialdian eta, Getxoko Kultur Etxeko teknikariek eginiko hautaketa-prozesuaren ondoren, aipatutako hogeita biak aukeratu dira honako irizpide hauekin: kalitatea, originaltasuna, udalerriarekiko lotura eta bideragarritasun teknikoa. Hautatutako proposamenek zenbait diziplina hartzen dituzte: antzerkia, dantza, musika, ikus-entzunezkoak, zinea, zirkua eta diziplina-anitzeko ikuskizunak.
Amaia Agirre Getxoko alkateak gaur izan den prentsaurrekoan nabarmendu duenez, ‘Getxotarrek sustatutako edo egindako proiektuen erakusketa sustatu eta bultzatu nahi izan dugu deialdi honekin, tokiko sorkuntzaren talentua erakutsi ahal izateko’. Proposamen guztiak Muxikebarri zentroko aretoetan edota Romoko Kultur Etxeko areto nagusian programatu ahal izateko diseinatu dira, eta bertan erakutsiko dira aurten zehar. Ohi bezala, Kultur Etxeak bere kanalen bidez jakinaraziko ditu programazio-datak, behin horiek zehaztuta daudenean.
Guztira, Kultura Etxeak 120.000 euro emango ditu gehienez hautatutako proiektuak erakusteko. Ekimen honek bat egiten du 2020tik aurrera martxan jarri diren deialdiekin, besteak beste, sorkuntza, prestakuntza eta profesionalizazioa bultzatzeko deialdiak eta baita erakusketa, ikus-entzunezko eta musika-proiektuak sustatzeko egonaldiak ere. Ekintza horien bitartez, Udalak Getxoko kultura-sarea indartzearen aldeko apustua egin du.
Hautatutako proposamenetako batek 'Getxo Zirko' du izena. Maite Lópezek, proiektu honen atzean dagoen Portal 71 enpresako kideak azaldu duen bezala, jardunaldi hauek 'zirkuko sorkuntza garaikidea du ardatz eta modalitate eszeniko horretako ikuskizunekin kalitatezko eskaintza egitea du helburu'. Besteak beste honako lan hauek izango dira ikusgai: 'Maña', 2021eko Zirku Sari Nazionala eskuratu zuen Manolo Alcántararen pieza; 'Suspension'; eta 'Sin Ojana', 2020ko Panorama Circada sariaren irabazlea.
Film laburrak izango dira hautatutako beste proiektu baten protagonistak. ‘Lo mejor de…’ izenpean hiru emanaldiz osatutako zinema-programa izango da. Itxaso Frauk, horren bultzatzaile den Klip elkartearen kideak adierazi du ekimen horren bitartez Humor en Corto, Caóstica eta Euskal Zine Bilera jaialdietan hautatutako film labur onenak eskaini nahi dituztela. Jarduera horren helburua hiritarrek kalitatezko aukeraketa eskura izatea eta film laburren mundua ezagutu ahal izatea. Hori lortzeko, jaialdi horietako programatzaileen eta sektoreko profesionalen eskutik, proiekzioak amaitzean solasaldiak izango dira. Saioak ekainaren 1, 8 eta 15ean izango dira Muxikebarrin.
Bestalde, Estíbaliz Igea abeslariak hautatutako beste proiektu bat aurkeztu du, 'Samurtasuna', hain zuzen ere, ekainaren 4an egingo den kantu eta piano errezitaldia. Bere hitzetan, kontzertu honekin 'Krisi sanitarioan zehar pertsona askoren isolamendu sentsazioa arintzeko tresna gisa musikak duen balioa goraipatu nahi dugu'. Rafa Acebesek pianistak lagunduta, Igeak berak abestuko ditu euskal kantu ezagunak, esaterako 'Haurtxo seaskan' edo 'Lili eder', Atlantikoko beste aldetik datozen klasikoekin batera, hala nola Agustin Lararen 'Solamente una vez' edo Yradierren 'La Paloma'.