Lurralde Historikoa : Bizkaia
Kokapena : 3º 00´ 47.744 Mendebalde / 43º 20´ 26.515 Ipar
Eskualdea : Gran Bilbao
Epai Barrutia : Getxo
Hedadura : 11,64 Km2
Biztanleen errolda:
Padrón de habitantes
Getxok, Bilboko eskualdean dagoen herriak, 11,64 km karratuko hedadura du. Bizkaiko kostaldean dago, Abrako badiak inguratuta. Hondartza ugari eta itsaslabar ikusgarriak (40 eta 60 metro bitartekoak) ditu, batzuetan itsasoraino ere sartzen direnak (Azkorri Punta eta Galea Punta, esaterako) eta beste batzuetan hondartza txikiak osatzen dituztenak. Barrualdean, lurrek beherantz egiten dute. Klima ozeanikoa da, neguko zortzi graduen eta udako hogei graduen arteko tenperatura izatea bereizgarri duena, hain zuzen. Euria urte osoan zehar egiten du eta haizeak batez ere ipar-mendebaldetik jotzen du. Horrek etengabe berritzen du eguratsa.
Getxoren jatorrizko hirigunea kolonoak Santa Maria Monasterioaren inguruan finkatu zirenean sortu zen. Monasterio hau eliza bihurtu zen XI. mendean. Elizateak Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietan berrogeita zazpigarren lekua hartzen zuen botoetan. Orduko biztanleak Algortan bizi ziren nekazari, artzain eta arrantzaleak ziren. Bilboko portuko merkataritza eta arrantza jarduera handitzeari esker, Algortak gora egin zuen. Gero eta biztanle gehiago zituen, eta Bariko San Nikolasi eskainitako bere kapera gero eta garrantzitsuagoa bihurtu zen, XIX. mendera arte parrokia bihurtu ez bazen ere.
Getxoren urrezko garaia XIX. mendearen erdialdean hasi zen, merkatari eta industrialari aberatsek, batez ere Bilbo eta Madrilekoek, udan Getxon bizitzea erabaki zutelako. Bertan, txaletak, udako etxeak, itsasoko bainu-etxeak, Kasinoa eta Hotela eraiki ziren. Auzo berriak herriak gora egin zezan eragin zuen, eta, honi esker, garraiobideak hobetu ziren: zaldiek bultzatzen zuten tranbia elektrikoa bihurtu zen 1881ean, eta 1887an ibaiaren eskuin ibarreko trenbidea, Getxo eta Bilbo elkartzen zituena, egin zen. 1893an, ibaiaren bi aldeak, Portugalete eta Las Arenas, elkartzen dituen Zubi Esekia inauguratu zen. Mende bukaeran, Churruca ingeniariaren zuzendaritzapean burutzen ari ziren obrak kanpoko portuan egin ziren, eta, honen ondorioz, Las Arenaseko hondartza desagertu zen. Hori dela eta, bainu-etxeak kostaldera mugitu ziren eta, honela, auzo berri bat jaio zen, Neguri izenekoa, udako etxe eta txaletez betetako luxuzko bizitegi-auzoa.
Getxo herri gaztea da, bere biztanleen %85,46 haurrak edo helduak, eta hirurogeita lau urtetik gorakoak, aldiz, %14,54 bakarrik, baitira. 1998ko erroldan agertzen diren 83.815 bizilagunetatik %52,13 emakumeak dira. Ekonomia jarduera indartsua du, batez ere hirugarren sektoreko jarduerei dagokienez, biztanleria aktiboaren %66,3k egiten baitu lan sektore honetan. Ohiko sektoreak, nekazaritza eta arrantza, nabarmen jaitsi dira. Algortako portua, arrantza alde batera utzi eta turismora eta aisialdira bideratu da. Landa-inguruak, aldiz, Andra Mari inguruan eta Kurkudiren (106 metro) magalean daude. Industria sektoreari dagokionez, oso garrantzi gutxi du, industria eta oihal tailer txikiak besterik ez baitaude. Beraz, sektorerik garrantzitsuena zerbitzuena da. Sektore honek nolabaiteko espezializazioa lortu du Getxon, ez bakarrik bertan lan egiten duen jende kopuruagatik, gehienak gizarteko sektore batzuetan biltzen direlako baizik. Zerbitzu sektorearen barruan, nabarmentzekoa da merkataritzaren garrantzia.