Bilakaria

Getxo. Euskara zerbitzua


Presentación

Getxoko euskaltegiek “Euskara zure auzoan dago. Matrikulatu” lelopeko matrikulazio kanpaina berria aurkeztu dute

Udal Euskaltegiak, Lauaxeta Euskaltegiak, J.A.Agirre Euskaltegiak, BAI&BYk eta Uztarri Euskaltegiak Getxoko 5 euskaltegi homologatuek, 2008/2009ko ikasturterako matrikulazio kanpaina berria aurkeztuko dute, besteak beste, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Era berean, beste urte batez, Udalak AISA, etorkinentzako hizkuntza-harrera ikastaroa eta DENDAKETAN, udalerriko dendariei zuzenduta, bezeroei zerbitzua euskaraz ematen ikasteko ikastaroa jarri ditu martxan.

“Euskara zure auzoan dago. Matrikulatu” lelopean, aipatutako euskaltegiek, urtero bezala, mota desberdinetako ikastaroak, barnetegiak eta baita Interneten bidezko autoikaskuntza ikastaroak eskainiko dituzte, Uztarri Euskaltegiak izan ezik, horrek 16 urtetik beherakoentzako hezkuntza eskaintzen baitu.

Matrikulazio epea irailean egongo da zabalik eta euskaltegi bakoitzak bere ohiko hezkuntza eskaintzeaz gain, aurten berritasun batzuk edukiko dituzte, euskaltegietako zuzendariek aurkezpenean jakitera eman dutenez. Horrela, Udal Euskaltegiak EGA titulua dutenentzako ikastaroa eskainiko die hizkuntza sakondu nahi dutenei. AEKren Lauaxeta Euskaltegiak Batxilergoko ikasleentzako ikastaro berezia eskainiko du eta XVI. KORRIKA 2009ko apirilaren 3an Getxora heltzen denerako hainbat ekitaldi antolatuko ditu Udal Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. J.A.Agirre Euskaltegiak bere eskaintzarekin segituko du eta Uztarri Euskaltegiak 5 eta 16 urte artekoentzako urteko ikastaroak antolatzen ditu, batez ere A eredukoentzat.

“2008/2009ko ikasturtean Getxoko Udalak berriro euskaltegiei dirulaguntzak emateaz gain, euskara ikasten duten kolektibo desberdinetako lagun hauei ere laguntzak emango dizkie: baliabide ekonomikorik ez dutenei, ikasketak amaitu dituztenei, 12 urte edo gutxiagoko seme-alabak dituzten gurasoei, haur zaintzaileei, pediatrian eta ginekologian lan egiten duten sendagileri eta erizainei, haurtzaindegietako langileei, ikastetxeetan irakasle ez diren langileei, saltokietako langileei eta elkarteetako begiraleei” Koldo Iturbek, Euskera Zerbitzuko zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez. 2007ko ikasturtean 424 lagunek eskatu zuten laguntza eta Udalak 80.351 euro banatu zituen. Euskaltegietan 2.000 bat ikasle matrikulatu ziren.

Jasotzaileek euskaltegian hartutako eskola-ordu guztien %85era joan dela egiaztatu behar dute edo Interneten bidezko ikastaroen maila gainditzea. Informazio gehiago Euskara Zerbitzuan lor daiteke, 94 466 00 10 telefono zenbakian, euskara.zerbitzua@getxo.net posta elektronikoaren bidez edo www.getxo.net web gunean ere.

AISA eta DENDAKETAN

Bestalde, aurten ere Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak AISA, Etorkinentzako hizkuntza-harrera ikastaroa eta udalerriko dendariei zuzenduta DENDAKETAN bezeroei zerbitzua euskaraz emateko ikastaroa antolatu ditu. “Lehenengoaren helburua etorkinek bertoko gizartea eta ohiturak ezagutu eta euskararen ikasketan lehendabiziko urratsak ematea da” , adierazi du ikastaroa eskaintzen duen euskaltegietako baten zuzendariak, Amaia Goirik, Udal Euskaltegiko zuzendariak . 60 orduko ikastaroa izango da, astean bi egunetan, 19:00etatik 21:00etara edo 20:00etatik 22:00etara, urritik otsailera eta matrikularen prezioa 10 eurokoa da.

DENDAKETAN ikastaroak, besteak beste aurten lehendabiziz Getxo Enpresa eta Merkataritza elkartearen laguntzarekin, bezeroei zerbitzua euskaraz eskaiini ahal izateko hizkuntza eskaini nahi die merkatariei. “Iazko esperientzia oso positiboa izan zen parte hartzaileek interes handia erakutsi zutelako” gogoratu du Amaia Torrealdaik, J.A.Agirre Euskaltegiko zuzendariak Ikastaroaren ordutegia astearteetan eta ostegunetan 8:00etatik 9:30era edo 15:00etatik 16:30era izango da eta matrikularen prezioa 50 eurokoa da.

Bi ikastaroetarako matrikula egiteko epea datorren urriaren 3an amaituko da Udal Euskaltegian (94 464 62 99), Lauaxeta Euskaltegian (94 430 47 34) edo J.A.Agirre Euskaltegian (94 460 66 71) eta lehenengo kasuan ikastaroa amaitzen dutenei matrikularen dirua eta bigarrenean parte bat itzuliko diete eta deiak egiteko 200 euro edukiko dituen eskuko telefono baten zozketan parte hartuko dute.

Azkenik, Udal Euskara Zerbitzuak merkatariei doako itzulpen zerbitzua eta txartelak elebidunez ipintzeko laguntzak eskaintzen segitzen du eta poltsikoko hiztegi txiki baten 2.000 ale kaleratu ditu berriro, 8 hizkuntzatan agertzen diren 400 hizkirekin. Horiek Algortako Urgull kaleko z/gan dagoen Euskara Zerbitzuan har daitezke.

- Koldo Iturbek, Getxoko Udalako Euskera Zerbitzuko zinegotziak adierazpenak (MP3 artxiboa / 520 kb)

- Amaia Goiri, Udal Euskaltegiko zuzendaria adierazpenak (Mp3 artxiboa / 271 kb)

- Iratxe Marta, Lauaxeta Euskaltegiko zuzendaria adierazpenak (MP3 artxiboa / 365 kb)

- Amaia Torrealdai, J.A.Agirre Euskaltegiko zuzendaria (MP3 artxiboa / 506 kb)

- Nora Zugadi, Uztarriko zuzendaria (MP3 artxiboa /250 kb)

Azken eguneratzea: 2008/09/17

Euskarari buruzko berrien orrialde nagusira bueltan