TOPONIMIA BEKA

GETXOKO TOPONIMIA: LIBURUA ETA MAPA

Hiru urte dira Getxoko Udalak elizateko toponimia ikertzeko eta sailkatzeko beka deialdia egin zuela. Deialdiaren ondorioz, lana aurrera eramatea Amagoia Aurrekoetxea eta Sofia Suso andreei egokitu zitzaien.

Lana bi epetan egin da:

* Getxoko toponomia historikoaren ikerketa:

-Hainbat artxibo arakatu zituzten bekadunek: Bizkaiko Artxibo Historiko Probintziala, Bizkaiko Foru Aldundiko Artxiboa, Getxoko Udal Artxiboa eta Jabetza Errejistroa (azken hau, kanpo arazo batzuk zirela-eta, ez osorik).

-Hauetaz aparte Bizkaiko Fogerazioak eta beste iturri bibliografiko batzuk ere hustu zituzten.

-Halaber, gaurko ahozko datuak ere bildu zituzten sei lekuko getxoztarrei esker.

- XVII-XX. mendeetako datuak bildu zituzten. nOrotara 1.259 toponimo bildu ziren (etxe, baserri, iturri, ermita, eliza aurkintza, soro, hondartza eta abarren izenak).

-Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kidea den Mikel Gorrotxategi jaunak, Euskaltzaindiaren metodologia eta irizpideei jarraituz, toponimoak normalizatu zituen (Bolue>Bolua eta abar).

* Getxoko toponimia historikoa ezagutarazteko egitasmoa:

-Bekaren bigarren fase honetan Sofia Suso andrea eta Mikel Gorrotxategi jauna aritu dira.

-Egindako lana ezagutzera emateko euskarri anitzeko produktuak eskainiko dira. Horrela, gaurkoan aurkezten dizkizuegun liburu eta mapa toponimikoez gain, bildutako informazioa, jolasak eta bestelakoak jasoko dituen CDa eta gure toponimia ezagutzeko ibilbideak ere prestatzeko asmoa dago.

-Liburua: "Getxoko leku izenak" Getxoko toponimoak eta horien gaineko zenbait azalpen (historia, etimologia...) eta argazki jasotzen dituen liburua. 500 ale kaleratu dira.

-Mapa: "Getxoko mapa" Getxoko leku-izenik garrantzitsuenak (denak ez dira sartzen) biltzen dituen mapa da. Alde batetik, karta ortofotografikoa dator eta bestetik, bektoriala. 1.500 ale argitaratu dira.

-Liburua eta mapa Getxoko ikastetxe, udal erakunde, elkarte eta abarren artean banatuko dira doan. Gainerakoak Getxoko Kultur Etxean eta liburu-dendetan salduko dira.