Berriak |
|
2005-12-09 |
Getxoko Udalak beste urte batez martxan jarri du “Oparitu euskaraz” kanpaina, euskarazko produktuen berri herritarrei emateko. Horretarako 15.000 eskutitz bidaliko ditu 0 eta 18 urte arteko haur eta gazteen etxeetara, alkatearen eskutitzarekin eta gaur egun dauden euskarazko produktuen katalogoarekin. Liburuxka horretan besteak beste, musika, informatika, filmak, liburuak, aldizkariak, jostailuak eta jokoak agertzen dira, guztiak euskaraz, eta baita argitara eman duten argitaletxe edo diskoetxeak, beren ezaugarri nagusirekin eta salneurrirekin. Ekimen horrekin “euskaraz dagoen eskaintzaren berri eman nahi da, hizkuntzaren erabilera sustatzeko” Imanol Landa, Presidentzia Arloko zinegotziak kanpainaren aurkezpenean azaldu duenez. Kanpaina Euskal Herri osoan eramaten ari dira aurrera, katalogoaren 200.000 aleren banaketarekin, horietatik 100.000 Bizkaia osoan eta 15.000 gure udalerrian. Katalogoak aipatutako udalerrietara heltzeaz gain, toki publiko guztietan ere eskuragarri izango dira eta baita www.getxo.net udal web gunean. Ia 3.000 lagun VII.Euskararen Jardunaldietan Bestalde, Imanol Landak VII.Euskararen Jardunaldien ganeko oso balantze positiboa egin du. Azken bi asteetan egin dira gure udalerrian, joan den hilaren 3an ospatu zen Nazioarteko Euskararen Egunaren inguruan. “Balorazioa oso positiboa da, partaidetza handia izateaz gain, ia 3.000 lagunena, ekitaldi mota desberdin ugari izan baitira eta horiek interes handia piztu baitute udalerri osoan, topagune bihurtuz ere”. Partaidetzari dagokionez, 800 lagunek bisitatu dute bertsolaritzari buruzko erakusketa, ia 500 pertsona izan dira umorezko antzezpenetan, 266 joan ziren Mikel Urdangarin entzutera eta 110 lagunek parte hartu dute “Munduko afariak” ekimenean. Horrek euskara ikasten ari diren atzerritarren partaidetza ahalbideratu du. Azkenik, Imanol Landak euskararen munduan lan egiten duten udalerriko agenteen partaidetza azpimarratu eta eskertu nahi izan du, bukatu berri diren Jardunaldietan bere presentzia oso aktiboa izan delako. |
|
|
|