|
2003ko abuztuaren 2an indarrean sartu zen Etxeko Indarkeriaren Biktimak
Babesteko Agindua. Tresna juridiko honen bidez, gehienez 72 orduko
epean, etxeko indarkeriaren biktimak fisikoki eta ekonomikoki babesteko
neurri guztiak aktibatzen dira.
Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Agindu hau eskaera-orri bat betez
eska daiteke, oso prozedura erraz batean, etxeko indarkeriaren biktima
guztiek erabiltzeko modukoa. Biktimek, haien legezko ordezkariek, senideek
edo Fiskaltzak eska dezakete, inolako kostu ezta formalismo teknikorik
gabe. Eskaera polizia-etxeetan, guardiako epaitegietan, Udaleko, Autonomiako
edo Estatuko Gizarte Zerbitzuetan, Fiskaltzan edo Biktimei Arreta egiteko
Bulegoetan egin daiteke.
Nork eska dezake babes-agindua?
Honako hauek eska dezakete: biktimak berak, ezkontideak (edo biktimarekin
afektibitatezko harreman egonkorra duen edo izan duen pertsonak), biktimaren
edo ezkontidearen (edo bizikidearen) seme-alabek, pupiloek, aurreko ahaideek,
edo berarekin bizi diren ezgaiek, edo bataren edo bestearen botere, tutoretza,
kuradoretza, abegi edo zaintzaren pean daudenek.
Epaileak ere eman dezake, ofizioz edo Fiskaltzak eskatuta.
Nori eska dakioke babes-agindua?
Agintaritza Judizialari, Fiskaltzari, Segurtasun Indar eta Gorputzei,
Biktimei Arreta egiteko Bulegoei, Administrazio Publikoetako Gizarte Zerbitzuei
eta Laguntzako Erakundeei.
Nola eska daiteke babes-agindua?
"Babes-agindurako eskaera eredua" edo formularioa diseinatu da. Eredu
hau organo judizial guztietan (zibiletan eta penaletan), fiskaltzetan,
Biktimei Arreta egiteko Bulegoetan, Hiritarrei Arreta egiteko Bulegoetan,
Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuetan, polizien dependentzietan,
eta Gizarte Zerbitzuetan edo Laguntzako Erakundeetan egon behar da.
Gure kasuan, formularioak hemen aurki daitezke: Getxoko Udaleko Gizarte
Zerbitzuak, Hiritarrei Arreta egiteko Bulegoetan, Getxoko Udaltzaingoaren
Dependentziak. Webgune honetatik ere har daiteke:
Etxeko Indarkeriaren
Biktimak babesteko Aginduaren
eskaera-eredua jaitsi
(PDF Dokumentoa)
Eskaera betetzeko jarraibideak ereduak dakartza. Halere,
komenigarria da eskaera jasotzen duen erakundeak biktimari eskaera betetzen
laguntzea.
Zer egin behar da babes-aginduko eskaera batekin?
Babes-agindua bete ondoren, aurkezten zaion erakundeak kopia bat eman
beharko dio eskatzaileari, eta bestea beretzat gorde.
Eskaera guardiako epaileari igorriko dio berehala, eta epaileak premiazko
entzunaldia ezarriko du biktimarekin edo bere ordezkariarekin, agindua
eskatu duenarekin eta erasotzailearekin. Hori guztia, gehienez 72 orduko
epean egin behar da.
Zenbat babes-agindu jaso ditzake pertsona batek?
Biktima bakoitzak babes-agindu bakarra jaso dezake.
Babes-aginduaren edukia
Guardiako epaileak kautelazko neurri hauek erabaki ditzake, gertakarien
larritasunaren arabera:
- Neurri penalak
Behin-behineko espetxeratzea
Bizilekua debekatzea
Komunikazioa debekatzea
Armak kentzea
Bestelakoak
- Neurri zibilak (Biktimak edo bere legezko ordezkariak
eskatu behar ditu hauek. Behin-behinekoak izango dira, hogeita hamar eguneko
epean zibileko epaile batek berretsi, aldarazi edo ondoriorik gabe utzi
behar dituelako).
Familia-etxebizitza erabiltzea eta lupertzea.
Seme-alaben zaintza, bisitak, komunikazioa eta haiekin egoteko araubidea
zehaztea.
Jakiak emateko araubidea
Bestelako neurriak
Epaileak babes-agindua ematen duenean, zerikusia duten administrazio
guztiei jakinaraziko zaie, biktima babes dezaten beharrezkoa den eremu
guztietan.
Xedapen hauek hilabetez egongo dira indarrean. Gero, lehen auzialdiko
epaileak berretsi edo aldaraziko ditu.
Babes-aginduak, hasiera-hasieratik, erasotzailearen prozesuko eta espetxeko
egoeraren gaineko informazio guztia jasotzea bermatzen dio biktimari.
Indarkeriazko delituen biktimak babesteko erregistro nazionala.
Laguntza eta babes sozialeko neurriak
- Eremu sozialean: Udaletxe eta autonomia-erkidegoetan, harrera
etxeen bidez, tutoretutako pisuen bidez, eguneko zentroen bidez edo familia
topaketako guneen bidez.
- Eremu ekonomikoan: Gizarteratzeko Errenta Aktiboa 300
euro izango dira hilean baliabiderik ez daukaten biktimentzat, 10 hilabetez,
guardiako epaileak babes-agindua ematen duenetik aurrera.
- Laguntza juridikoa: Abokatutzako Kontseilu Nagusiarekin
eginiko lankidetza hitzarmenaren bidez, emakumeek euren burua erasotzailearengandik
defendatzeko behar dituzten baliabide juridikoak bermatzen zaizkie, dohainik,
modu espezializatuan eta etengabean, eguneko 24 orduetan.
- Laguntza psikologikoa: 2002ko irailaren 17an lankidetza
hitzarmena egin zen Psikologoen Elkargo Ofizialarekin, Biktimei Arreta
egiteko Bulegoetan arreta psikologiko espezializatua ezartzeko.
- Biktimei Laguntza emateko Bulegoak: Bulegoetatik, babes-tresna
guztiei buruzko informazioa emango da, eta tresna horiek eskatzea erraztu
eta sustatuko da, biktimak erasotzailearen aurrean bere eskubideak baliatzeko.
Epaitegietan horrelako 40 bulego sortu dira 1997tik hona. Bulego horietan
artatutako delituak %3.096 igo dira 1998tik.
- Osasuneko laguntzako eremua: Etxeko indarkerian dagoen
osasuneko protokoloaren bidez, medikuntzako langileek ematen duten osasuneko
laguntzako jarduketak koordinatzen dira. Ospitaleetatik, osasun-zentroetatik,
larrialdietatik eta abarretatik, honelako gorabeheren berri ematen da.
|