Getxo Ekinean, Getxoko Behargintzak-Enplegua eta Ekonomi Garapenerako udal Zentroak sustatutako egitasmora bildutakoen%52k lan kontratua du gaur egun. Getxo Ekinean Getxoko UdalarenEnplegua sustatzeko Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Udalerrian %7,42ko langabezi tasa dago, Bizkaikoa baino txikiagoa. Getxoko alkateak, Iñaki Zarraoak, eta Langile eta Antolaketa Arloko zinegotziak, Begoña Ezkurrak, gaur goizean aurkeztu dute 102 lagun bildu dituen programaren balantzea.
Zarraoak nabarmendu duenez “udalerritik bertatik errezagoa da langabeziaren eta lanaren arazoari aurre egitea, bai pertsonen egoera baita herriko eta inguruetako sare ekonomikoa hobeto ezagutzen delako”.
2004 eta 2005 urteetan egin den ekimenaren helburua da, hirugarren adinari, haurtzaroari eta menpeko pertsonei eta baztertuak izateko arriskua duten pertsonei bideratutako zerbitzuen esparruan lana ematea eta enpresak dinamizatzea. Aipatzekoa da lan kontratua lortu duten 53 lagunetatik 31k egitasmoari lotutako sektoreetan lortu duela –horietako bik gainera enpresa propioa sortu dute- eta gainontzeko 22k bestelako lanbidea dute.
Getxo Ekinean, nagusiki, lana bilatzeko zailtasun handiak dituzten lagunei eta langabezian diren andrazkoei dago zuzenduta. Oinarrizko errenta edo gizarte soldata jasotzen dutenek, langabezian denbora asko daramatenek, ikasketa gutxi duten gazteek, 40 urtetik gorakoek edo bere lehen beharra bilatzen duten bizilagunek, guzti hauek ere, parte hartu ahal izan dute egitasmoan. Begoña Ezkurrak, hain zuzen, nabarmendu du egitasmora bildutako gehienak, %74, emakumeak direla. Bestalde, partehartzaile gehien –53- izan duen arloa hirugarren adinekoa eta jagon beharra duten pertsonena izan da. Beste 18 lagunek heziketa aldiarekin jarraitzea erabaki dute.
Ehun bat partehartzailetatik zati handi batek gaur bertan jaso du trebakuntza aldia amaitu dutela egiaztatzen duen diploma, Fadurako U.K.-ko batzar aretoan egindako ekitaldian.
Egitasmoaren bigarren jarduera eremu batek enpresengan du eragina, inguruko enpresa eta erakundeekin harreman eta lankidetza arrunta sendotu nahi delako, Getxo Ekinean parte hartzen dutenen lan-praktikak egin eta lanpostuak lortu aldera.
Honen harira,bi urte hauetan Getxoko Behargintzarekin lankidetzan jardun dutenenpresak 387 izan dira. Horietatik, 75ek lana eskaini dute eta beste 54k, berriz, praktikak. Beste 256 elkartek Haurtzaroa, Hirugarren Adina eta Arreta behar duten Pertsonentzako “Zerbitzuen Gidaliburua” egiten lagundu dute. Gidaliburu honetan, publikoak nahiz pribatuak direla, Getxoko udalerrian dauden hurbiltasun-zerbitzuen ganeko informazioa jasotzen da.
Getxo Ekineanek 626.000 euroko aurrekontua izan du. Getxoko Udalak (%30rekin), Bizkaiko Foru Aldundiak (%25rekin) eta Europako Gizarte Funtsak (%45rekin) finantziatu dute.