![]() |
|
|
Getxoko Kultur Etxearen Algortako egoitza berriak Erakundearen bulego nagusia eta orain arte Urgull kalean zeuden zerbitzu guztiak Algortako Villamonte auzoko lokal berrian egongo dira hemendik aurrera |
|
|
2003-08-25 |
|
|
Getxoko Kultur Etxeak lokal berriaren atea zabalduko du Villamonte auzoan. Lokal horretan, erakundearen bulego nagusia eta orain arte Urgull kalean zeuden zerbitzu guztiak egongo dira hemendik aurrera. Hala, bada, haurrentzako eta helduentzako liburutegia, erakusketa-gela, ekitaldi- eta bilkura-aretoa, tailerretarako gelak eta erabilera askotako gelak egoitza berrian egongo dira aurrerantzean. Egoitza berriak 1.250 metro koadro ditu solairu bakarrean. Lokal zaharrak, berriz, 928 metro koadro zituen, eta metro horiek lau solairuko eraikinean zeuden banatuta. Kultur Etxeko lokalak Villamonte kaleko A-8ko eraikinaren behe-aldean daude. Toki horretan, Tourseko San Martinen lehen parrokia egon zen, eta autoen kontzesionario bat ere egon zen. Egoitza berria erraz sartzeko modukoa da, elbarrientzat zeuden oztopo arkitektonikoak kendu baitira, eta, gainera, ondo egokituta dauden eta aire girotua duten komunak ditu. Bulego nagusiek 360 metro koadroko azalera hartuko dute egoitza berrian. Bulegoetan, Kultur Etxeko zerbitzu orokorrak egongo dira. Era berean, erakundeko lehendakariaren eta zuzendari-kudeatzailearen bulegoak egongo dira, baita administrazioko eta erreprografiako sailak eta agiritegi nagusia ere. Bestalde, ekitaldi-areto berriak 222 metro koadroko azalera du; lokal zaharrean zegoenak, aldiz, 96 metro besterik ez zituen. Lokal berriko aretoak 180 lagunentzako edukiera du eta, gainera, bi edo lau aretotan banatu daiteke panel mugikorren bidez. Era horretan, hainbat ekitaldi egin ahal izango dira bertan aldi berean. Bi bideo-proiektore ditu. Aretoan hitzaldiak, biltzarrak, ikastaroak, bilkurak, proiekzioak eta era askotako ekitaldiak egingo dira.
Liburutegia Liburutegi berriak 350 metro koadroko azalera du; lokal zaharrak, ordea, 108 metro zituen. Liburutegi berriak bi espazio ditu: bata helduentzat eta bestea haurrentzat. Toki horietan dauden liburutegiko funtsak 13.000 eta 7.5000 liburu dira, hurrenez hurren. Lehen espazioan irakurtzeko 52 postu daude, eta haurrentzako aretoan 26 toki daude. Azken areto horretan, harmaila-itxurako egitura bat jarri da eta, horren bidez, 20 toki gehiago sortu dira. Historia pixka bat labur-zurrean Getxoko Kultur etxea udal-erakunde autonomoa 1975ean hasi zen. Ordutik hona, hiru tokitan izan du egoitza nagusia. 1991ra arte, egoitza nagusia Urgull kaleko eraikin batean (z.g.) egon zen. Gero, Etxe Sorgindua izenekora lekualdatu zen. 1998an egoitza lehengo tokira eraman zen, eta hortxe egon da 2003. urteko abuztura bitartean. Hilabete horretan, azkenik, Villamonte A-8ko lokal berrietara eraman da. Iņaki Zarraoak aurreratu digu Udalak Nagusien Etxea eguneko zentroa eta babespeko aparkalekuak egin nahi dituela Kultur Etxearen egoitza zaharrean: "20 edo 24 aparkaleku, Udalaren aurreikuspenen arabera". Era berean, Udaleko arduradunek erakusketa-areto bat irekitzeko asmoa dute Algortako oinezkoen alderdian, Kultur Etxean dagoen aretoaren osagarri gisa. |
|
![]() |