![]() |
|
|
Olentzaroaren etorrera ospatzeko antzezpenak, kalejirak eta ekitaldi ugari Getxoko auzoetan |
|
|
2004-12-15 |
|
|
Berantzagi, Zasi Eskola eta Itxas Argia dantza taldeek, Algortako Olentzaro batzordearekin batera, eta Getxoko udalaren laguntzarekin gure udalerriko auzo ezberdinetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Gabonetarako. Horietaz gain, Udal Euskara Zerbitzuak eta Algortako Antzerki Eskolak "Olentzaro nik nahi nuke..." antzezlana aurkeztuko dute hainbat emankizunetan. Antzezpenak abenduaren 20an eta 21ean Andrés Isasi Musika Eskolan egingo dute eskoletako haurrentzat eta publikoarentzat eta datorren abenduaren 23an Geroa Ikastolan eta 24an Getxo Antzokian. Ekimen hau oso aberasgarri suertatzen da udalerriko zenbait ikasleren partaidetzarekin, eta Imanol Landa, Presidentzia arloko zinegotzi esku ordeak prentsaurrekoan aurreratu duenez, horietariko batzuek dagoeneko Olentzaroari beren eskutitza bidali diote Udaleko Euskara Zerbitzuaren bitartez. Gutun horietako bat aukeratuko dute antzezpenaren amaieran irakurtzeko. Olentzeroak umeek idatzitako eskutitzak jasoko ditu Erromon, Areetan eta Algortan abenduaren 18tik 23ra bitartean izango baita, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etatik 20:30etara. Era berean, Getxo Udaleko Euskara Zerbitzuak, umeek Olentzarori eta errege magoei eskutitzak idazten laguntzeko material berezia prestatu egin du aurten. Hain zuzen ere, Olentzaroren eta Errege Magoen irudiak dituzten eskutitzak kaleratu ditu eta horietan irakurtzeko liburuak animatzen dituzte haurrak. Jolasak dituen liburuxka bat ere banatuko du Udalak. Egitaraua Egitarauari dagokionez, Algortan ekitaldiak abenduaren 23ko arratsaldean hasiko dira. Getxo Antzokian pailazoak egongo dira eta Telletxe kalean umeentzako jolasak, tartean, bertsolariak, abesbatzak, talo, sagardoa eta Olentzaroari eskutitza bidaltzeko postontzia. Abenduaren 24ean, goizeko 11:00etan puzgarriak, eta haurrentzako jolasak izango dira Telletxen eta kalejira Antzerki Eskolaren eskutik. Eguerdiko 12:00etan "Olentzero nik nahi nuke..." antzezpena Getxo Antzokian. Arratsaldeko 17:00etan Venanciotik kalejira izango da; arratsaldeko seietan Olentzaroak gozokiak banatuko ditu Villamonte auzoan bertsolarirekin eta dantzekin eta 20:00etan San Nikolas enparantzan ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte, ipuin bat irakurriko dute eta ostean Olentzeroa erreko dute. Areetan ekitaldiak hilaren 24ean izango dira Eskoletako enparantzan. Eguerdiko 12:00etan Olentzaroari buruzko erakusketak, txikientzako pintura tailerra, txistulariak eta ipuin kontalariak izango dira. 13:30etan bertsolariak eta ordubete geroago otzara baten zozketa. Arratsaldeko 16:30etan haurrentzako jolasak eta 18:00etan dantzak. 18:30etan kalejira egingo dute eta 19:30etan erre egingo dute. Erromon arratsaldeko ordu bietan herri bazkaria egingo dute trikitilarik eta albokarik girotuta. 18:45ean kalejira eta ondoren jaiari amaiera emateko txokolatada antolatu dute 19:45ean. Azkenik, Andra Mari auzoan abenduaren 23an 18:00etan Geroa Ikastolan "Olentzaro nik nahi nuke..." antzeztuko dute. 19:30etan jai bat ospatuko dute Malakaten txistorrarekin eta musikarekin. 24ean 17:00etan Olentzaroaren kalejira Andra Mariko kiroldegitik irtengo da eta amaiera 19:15ean izango da, besteak beste, dantzekin eta txokolatada batekin. |
| |