KANTUKETAN

Imanol kantautorearen omenezko kontzertu batek emango dio amaiera bikaina Kantuketan05ri Getxon

2005-01-25

“Kantuketan” zikloak, Getxon otsailaren 6tik 13ra bitartean egingo dela, Imanol, gure artean osperik handienetakoa izan duen kantautorearen omenezko kontzertu batekin emango dio amaiera bikaina 2005ko ekitaldiari. Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzuaren eskutik, “helburu nagusia gure artean dauden musika-talde eta artistarik onenak biltzeko topagune bihurtzea da. Gainera, “Kantuketan”-ek euskal musikaren aniztasuna ezagutzera emateaz gain, ikusle guztiengana hurbildu nahi du”, Getxoko Udaleko Presidentzia Arloko zinegotzi esku-orde Imanol Landak egitasmoaren aurkezpen ekitaldian zehar, gaur, aditzera eman duenez.

Izan ere, Getxo Antzokiak “Bolona Molona” Imanolen hil osteko azken diskoko lan batzuren aurkezpena hartuko du, bere ibilbideko beste kanta batzurekin batera, igandea 13an. Pier Paul Berzaitzek, Iñaki Eizmendik, Niko Etxartek eta Antton Valverdek lan horretan jasotako kantak jorratuko dituzte, bi musikariren laguntzarekin.

“Lagun arteko kontzertua izango da, handinahiarik gabe, eta goxoa, maitekorra eta xumea izateko asmoz”, aipatu dute bere sustatzaileek aurkezpen ekitaldian zehar.

Entzunaldia 19:00etan hasiko da eta sarrera 6€koa da (aurretiko sarrera 5).

KANTUKETANek, aurten musika ezezik, dantza, antzerki birtuala eta bideo-emanaldiak dakartza ere. Kantuketan-ek bere ekitaldi berrian aurrerapauso bat gehiago eman du musikaren filosofiari dagokionez, hain zuzen ere, “Mundu osotik Euskal Herri osorako” egitasmo interesgarria esku artean izanez. Getxo Antzokian igandez, otsailaren 6an, izango den kontzertu horren oinarria nazioarte mailan entzute handia duten bost artista handien arteko lankidetzan datza, artistok soinu ezberdinen arteko nahasketa aberasgarria lortzeko bildu direla. Kepa Junkerak, Sylvain Luc-ek eta Maddi Oihenartek trikitixa eta Iparraldeko kantuen erritmoa azaleratuko dituzte, hurrenez hurren. Lokua Kanzak eta Keivan Chemiranik, aldiz, afrikaerditar nahiz irandar erritmoetara hurbilduko gaituzte. Kontzertua 19:00etan hasiko da eta sarrera 10€koa da (aurretiko sarrera 8).

Bigarren jardunaldian, ostirala 11ean, musika, dantza, arte plastikoak, antzerki birtuala eta ikusentzunezko sormena lotzen dituen “Ohe handi bat” izenburuko ikuskisuna izango da Logela Multimediaren eskutik. Getxo Antzokian izango da hau ere eta sarrera dohainik.

Jaialdiaren erdian, gazteenentzat kontzertu hirukoitza eskainiko du “Kantuketan”-ek, Sagarroi, Kerobia eta Kauta taldeen eskutik. Kontzertua 20:00etan hasiko da Algortako Portu Zaharrean eta sarrera doahinik.