XXIX. GETXOKO EUROPAR JAZZALDIA

AURKEZPENA

Aurten ere, Getxo Jazz izango da Euskal Herriko jazz jaialdien lehen geltokia. uztailaren 1etik 5era, ekitaldi honek betiko europar kutsua ekarriko digu, parte hartuko duten musikarien ezaugarri nagusia baita hori.

XXIX. edizioan, nazioarteko artista ospetsuak etorriko dira. Taldeen Lehiaketako gazteak eta “Hirugarren Milurtekoa” ataleko artistak ere gure artean izango dira, noski, jaialdiak musikari gazteen alde egiten duen apustuaren erakusgarri. Beraz, esperientzia eta jenialtasuna, gaztetasunarekin eta freskotasunarekin batera ikusi ahal izango ditugu, musikazaleen ezinbesteko hitzordu honetan. Gainera, Getxon batzen diren estilo ugariak kontuan izan behar dira. Aniztasun honek Europako musikaren aberastasuna erakusten du.

Getxo Jazz 2005ari María Joãok, Mario Laginharen laguntzaz, emango dio hasiera, Europako musika munduko jazzaren ahotsik aipagarrienetako batek, alegia. Bere ibilbidea hasi zuenetik, kantari portugaldarrak etengabe txunditu ditu entzuleak eta kritikariak musika apurtzaileari eta ausartari esker. Bai bakarka, jazz, folk taldeekin, bai orkestra sinfonikoekin, Joãok aldakortasun handia erakusten du eta horrek bere ahotsa musika mota ugaritara egokitzea ahalbidetzen dio. Bere ibilbide emankorrean grabazioak, lankidetzak eta emanaldiak egin ditu Joe Zawinul-en eta Dulce Pontes-en mailako artistekin.

Hurrengo egunean, uztailaren 2an, John Scofield artista ezagunaren txanda izango da. Egungo jazzaren gitarrista garrantzitsuenetako bat da eta estilo ugari jotzeko duen gaitasunagatik da ezaguna. 1977an bere lehen taldea sortu zuen eta 1982an bere ibilbideko inflexio-puntua gertatu zen: Miles Davis tronpeta jolearen taldean sartu zen. Horren ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion beste musikari batzuekin lankidetzak egiteari utzi gabe; esaterako: Eddie Harris, Pat Metheny, Joe Lovano, Idris Mamad eta Bill Frisell. 30 album baino gehiagoz osatutako bere diskografia zabalean, Scofieldek argi uzten du blues, soul, funk, jazz eta country soinuekin duen iaiotasuna.

Uztailaren 3an, jazzaldiaren erdian, "Proyecto Miño" berritzailea eta originala izango dugu. Baldo Martínez kontrabaxu jolea buru duen apustua da. Bertan jazz instrumentuek ohiko musikarenekin bat egiten dute eta melodia tradizionaletan oinarritutako errepertorio interesgarria lor daiteke horri esker. Konposizioak, guztiak jatorrizkoak, Portugaleko, Pontevedrako, Ourenseko edo Zamorako kantutegi herrikoietan oinarrituta daude. Balio musikal handia lortzen dute jazzaren bat-bateko lengoaiarekin bat egiten dutenean.

Biharamunean, uztailak 4, Pirineos Jazz Orchestra-ren emanaldia izango dugu. Taldean Euskadiko, Nafarroako eta Akitaniako 19 musikarik parte hartzen du. Antzeko beste orkestren aldean, Pirineos orkestrak taldekidek egokitutako eta moldatutako euskal folklorean oinarritutako lanak interpretatzen ditu. Hala ere, ez dituzte alde batera uzten jazzaren konposaketa klasikoak eta big band-eko musika.

Azkenik, azken eguneko izarra Richard Galliano musikari ezaguna izango da. Mundu guztian ezaguna den artista hori eskusoinua tradizionalki ez dagokion musika eremuan sartzeko gai izan da. Charles Aznavour, Juliette Greco, Georges Moustaki edo Claude Nogaro (besteak beste) artistekin jotzen hasi zen. Geroago, Astor Piazzolla maisuarekin lankidetza estua izaten hasi zen. Aldi berean Chet Baker, Ron Carter, Joe Zawinul, Michel Portal, Enrico

Rava eta Al Foster musikariekin, besteak beste, proiektuak egin zituen. Diskografia luzea izanik, Gallianok erritmo berriak bilatzen jarraitzen du. Mediterraneoko sustraietatik abiatuta, Frantziako abestietara, tartean musika klasikoa eginez, bere estiloa eragin anitz eta ezberdinen bildumak osatzen du eta horrek entzulea uneoro harritzea lortzen du.

Urtero bezala, jazzaldiak hiru kontzertu mota izango ditu. Biotz Alai plazan Taldeen Lehiaketako emanaldiak eskainiko dira 21:30ean. Horien ondoren, agertokira artista nagusiak eta eguneko talde garrantzitsuenak igoko dira. Bestalde, “Tercer Milenio Ataleko” kontzertuak Getxo Antzokiko plazan izango dira. Bertan jazz banda gazteek beraien freskotasuna eta musika genero honi egindako ekarpen berriak erakutsiko dituzte.

Azken finean, XXIX Getxoko Nazioarteko Jazzaldi honek nazioarte mailako artista garrantzitsuenen emanaldiak antolatu ditu berriro ere. Aldi berean, artista berriei jendaurrean beren burua ezagutarazteko aukera ematen die. Europako, AEBetako, Euskadiko eta estatuko gainontzeko tokietako taldeak eta artistak Getxon bilduko dira, denera, 15 emanaldi eskaintzeko.

Ez dira ahaztu behar Jam Sessions-ak: Algorta-ko Piper's Irish Pub-ean izango dira, Biotz Alai Plazako emanaldiak amaitu ondoren. Gainera, New Orleans Potholes Brass Band taldeak Getxoko kaleak alaituko ditu egunero. Bost egunetan zehar, jazzaren soinuek Bizkaiko udalerri honetako kaleak beteko dituzte. Musika ona gogoko duten guztientzat lehen mailako bilgunea bihurtuko da.

Finean, Getxo Jazz musikazale guztientzat ezinbestekoa da aurten ere, eta Europako soinurik onenen erakusleiho paregabea izango dugu. Hemen esan behar da zinez eskertu behar diegula ondoko hauei eman diguten laguntza: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailak, Bilbao Bizkaia Kutxa, El Correo, Metro Bilbao, Injuve, Getxoko Turismo Bulegoa eta Auvol-Skoda. Haien laguntzarik gabe, jaialdi hau ezinezkoa litzateke.