Arte Berriaren Gunea |
|
| Maiatzaren 20tik 22ra Areetako Geltokiko Plazan (Metro geltokiaren ondoan ) Ordutegia: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 21:30 sarrera: 2 € |
|
![]() |
|
|
AURKEZPENA Aurtengoan ere Getxoko Kultur Etxeak GETXOARTE ekarriko digu, Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza berria bultzatzeko eta sustatzeko helburuarekin. Aurtengo honetan, Getxoartek bosgarren urteurrena beteko du. Urteotan, apurka-apurka, hitzordu hau finkatzea lortu dugu. Getxoarte orain bost urte abiatu zenetik, 20.000 bat pertsona etorri dira erakusketa honetara. 200 sortzaile baino gehiagok parte hartu dute; haietako batzuk beren karrera profesionalari ekin diote harrezkero, eta batzuek galeria pribatuetan ere erakusketak egiten dituzte. Horrela, Getxoarte bere helburuak ondo betetzen ari da: arte proposamenik gazteenak erakusteko plataforma izatea (kasu askotan anonimoak baitira) eta, era berean, aukera eta bide berriak irekitzea, sortzaile berriek euren lana ezagutzera eman dezaten (sarritan lehen aldiz) eta lan horietan interesa duten pertsonekin zuzeneko harremana izan dezaten, bai publikoko jendearekin bai sektoreko profesionalekin. Aurtengo ekitaldian, Getxoartek jatorri ezberdineko 51 artista gazteren lanak erakutsiko dizkio publikoari. Sortzaile hauetako gehienek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean ikasten dute. Getxoartek lankidetza estua dauka fakultate horrekin hain zuzen ere. Gainera, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Bilbao Arte eta Artium Museo-Zentroa laguntzaile ditu Getxoartek, urterik urte bere bidean jarraitzeko. Hiru egunez, Areetako Geltoki Plazako karpa orain arte anonimo izan diren baina etorkizun oparoa duten artisten lanen erakusleiho erraldoia izango da. Erakusketak oso genero ezberdinak hartzen ditu: pintura, eskultura, argazkia, bideoa, marrazkia eta grabatuaz gain, estetika erlazionaleko lanak, ekintzak eta performance-ak daude. Horrela, ekitaldi honetara datozen bisitariek ikuspegi oparoa izango dute begien aurrean. Topaketa hau artelanen erakusketa praktikoa izateagatik nabarmendu da. Askorentzat, gainera, jendaurreko estreinako erakusketa da. Modu natural eta profesionalean, parte hartzaileek, inolako oztoporik gabe, euren lanean interesa duten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean. GETXOARTEn aukera artistiko guztiak sartzen dira, proiekturik pertsonalenetatik hasita eta taldeko proiektuetaraino. Gainera, euskal arte produkzio garaikidearen orainaren eta etorkizunaren irudi bizia da. Beraz, GETXOARTE 2005 arte sormen berriaren topagune gisa aurkeztu gura dugu. Sorkuntzaren ikuspegi eta proposamen berriak ezagutu gura dituztenek ezinbesteko hitzordua dute hemen. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Eusko Jaurlaritzako Kutlura Sailaren, Bilbao Bizkaia Kutxaren, El Correoren eta Metro Bilbaoren laguntza handia eskertu beharra dugu; haiek gabe ezinezkoa litzateke proiektu hau gauzatzea. |
| |