VII. EUSKARA JARDUNALDIAK
Azaroaren 22tik abenduaren 3ra
Euskararen jardunaldien kartela
AURKEZPENA

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da, hau da, Xabierko Frantzisko Deunaren egunean. Euskararen lehen eguna duela 50 urte baino gehiago ospatu zen, 1949an, Ipar Euskal Herrian, Parisen, Mexikon, New Yorken eta beste hainbat lekutan. 1995ean, Uruguaiko euskaldunek egun handitzat zutena Euskararen egun ofizial izendatzeko eskaera egin zuten eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ontzat eman eta, beraz, abenduaren 3a, Xabierko Frantzisko Deunaren Eguna, Euskararen eguna izendatzea erabaki zuten.

Getxoko Udalak ere badaramatza urte batzuk Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatzen; aurtengo edizioa zazpigarrena izango da. Urtero bezala egitarau zabal, erakargarri eta anitza egiten saiatu gara, gustu eta adin guztietako getxotarrak aseko dituen egitaraua, hain zuzen.

Azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitartean martxan izango den aurtengo trenak hainbat eta hainbat bagoi dauzka: bertsolaritzaren ingurukoa da bagoi bat, bestea musika entzutekoa, beste batean kirolariak izango dira solasean, eta antzerkia, umorea eta zinea ere izango ditugu. Berri-berriak, inoiz ikusi gabeak dira bagoi batzuk eta beste batzuk urtean zehar han eta hemen sortu eta Getxora etorriko direnak.

Ez dugu ahaztu behar azken urteotan atzerriko jende asko etorri dela Getxora bizitzera. Bistan da oso garrantzitsua dela atzerritar horien eta bertokoen arteko integrazioa; horretan, zer esanik ez dago, hizkuntzak, hau da, euskarak, berebiziko garrantzia izango duela. Horri begira, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Inmigrazio eta Kulturarteko Zerbitzua elkarlanean ari dira etorkinen artean euskara zabaltzeko asmotan. Euskararen Jardunaldien aurtengo trenak ere badu bagoi interesgarri bezain freskoa, helburu hori lortzeko bidean beste urrats bat izan nahi duena.

Gure aitzindari euskaldunek euskara sortu zuten elkar ulertzeko eta elkarri haien sentimenduak eta premiak agertzeko. Eta, ahoz aho, belaunez belaun, gureganaino helarazten jakin dute. Eskerrak, beraz, gure aitzindariei eta gaur egungo guraso, irakasle eta herritar guztiei antzinako eta, era berean, etorkizuneko hizkuntza horren jabe egin gaituztelako. Geure ardura da, orain, kateari eustea, hartu dugun ondare hori gure ondorengoengana hel dadin. Tren honetara igo nahi al duzu?