XX. UDAZKENEKO KONTZERTUAK
azaroak 8, asteartea
Getxo Antzokia
20.00
Sarrera: 3€
Al Ayre español kontzertu baten

AL AYRE ESPAÑOL
Carlos Mena (kontratenorea)
Eduardo López Banzo (klavezina eta zuzendaritza0)

www.alayreespanol.com

Asteartean Al Ayre Español izango dugu. Talde horrek Musikako Sari Nazionala jaso du berriki, eta "La cantada española en América" izeneko kontzertua eskainiko du, Carlos Mena euskal kontratenorraren lankidetzarekin. Al Ayre Español ahots- eta instrumentu-taldea 1988an sortu zuen Eduardo López Banzok. Gaur egun, mundu osoan ezagunak diren eta antzinako musikaren arloan esperientzia handia duten bakarlariek osatzen dute taldea. Euren proposamen originalei, interpretazio historiko zorrotzari eta estilo kementsu eta sutsuari esker, Europako musika barrokoko talderik onenetakoa da Al Ayre Español.

Al Ayre Español askotan gonbidatzen dute jaialdi eta kontzertu-areto ospetsuenetan jotzeko, honako hauetan, esaterako: Vienako Musikverein eta Konzerthausen, Berlingo Konzerthausen, Stuttgarteko Internationale Festtage Alter Musiken, Van Vlaanderen Jaialdian,...Al Ayre Españolek parte hartu zuen Salamanca 2002 Kulturaren Hiriburutzako ekintzetan ere.

Al Ayre Español taldeak irratirako eta telebistarako egindako grabazio ugarien artean, honako hauentzat egindakoak dira aipagarrienak: NOE eta KRO (Herbehereak), BRT (Belgika), Süddeutsche Rundfunk, MDR eta Deutschland Radio (Alemania), Radio France, Radio Classique, BBC, ORF, RTVE... Al Ayre Españolek Almaviva, Fidelio, Deutsche Harmonia Mundi disko-etxeetarako egin ditu grabazioak, eta 2003ko martxotik aurrera baita Harmonia Mundi etxerako ere.

Taldeak orain arte grabatu dituen hamar CDek Espainiako Musika Barrokoari buruzko bilduma ederra osatzen dute eta laudorioz betetako kritikak eta sari ugari jaso dituzte. Eduardo López Banzok transkribatutako Antonio de Literesen “Júpiter y Semele” zartzuela barrokoaren Espainiako estreinaldiak arrakasta handia lortu du. Harmonia Mundik berriki argitaratutako lana Espainiako eszenategi garrantzitsuenetan zehar ibili da.

2004an, Al Ayre Español taldeari Interpretazioko Musikaren Sari Nazionala eman zioten “Espainiako ondarea berreskuratzen egindako lanagatik, nazioartean izan duen proiekzioagatik eta interpretazioan erakutsi dituen kalitate eta bikaintasunagatik”. Al Ayre Españolek Aragoiko Diputazio Nagusiaren babesa du eta Zaragozako Auditorioko Orkestra egoiliarra da.

Eduardo López Banzo (zuzendaria)

Zaragozan jaio zen 1961ean. Bere jaioterriko kontserbatorioan ikasketak egin ondoren, Gustav Leonhardtekin amaitu zuen prestakuntza. Eduardo López Banzok sentiberatasun handia izanik ez-ohiko errepertorioekiko, horrek bultzatu zuen 1988an Al Ayre Español taldea sortzera. Espainiako errepertorio barroko garrantzitsua eta ez oso ezaguna berreskuratzea zen bere asmoa. Bere lana mundu osoan da ezaguna, bere proposamenen originaltasunari eta bere interpretazioaren ikuspegiari esker, izan ere, zorroztasun estilistikoa irudimen handiarekin eta intentsitate artistiko handiarekin uztartzen baitu.

Jaialdi eta kontzertu-areto ospetsuetan aritu da bakarlari eta zuzendari gisa: Bostongo Jordan Hallen, San Franciscoko Herbst Theatren, San Antonio Early Music Jaialdian, Ann Arborreko The Academy of Early Musicen eta AEBetako Michigango Unibertsitatean,... Irrati eta telebistarako grabazio ugari egin ditu mundu osoan zehar eta baita disko-grabazioak ere ganbera-talde eta orkestrekin lankidetzan, esaterako, Auvidis, Deutsche Harmonia Mundi, Fidelio, Almaviva, Philips eta Harmonia Mundi disko-etxeentzat.

Ikertzaile gisa egiten duen lanak ematen dio Al Ayre Españoli lanerako oinarria. Eduardo López Banzo aitzindaria da Espainiako errepertorio barrokoa berreskuratzeko alorrean eta publiko guztiek eta nazioarteko kritikak txalotu duten antologia handia egin du Deutsche Harmonia Mundi disko-etxearekin. 2003ko martxoaz geroztik, Harmonia Mundi disko-etxe ospetsuarekin ari da lanean.

Al Ayre Españolekin egiten duen etengabeko jardueraz gain, askotan gonbidatzen dute orkestrak zuzentzeko, esaterako, Polonian (Arte dei Suonatori), Espainian (Sevillako Orkestra Barrokoa) eta AEBetan (New York Collegium eta San Franciscoko Philharmonia Baroque Orchestra). Toki horietan hainbat eta hainbat musikariren lanak zuzendu izan ditu: Händel (La Resurrezione), Bach (Meza Luteranoak, Si minorreko meza), Stradella (San Giovanni Battista), Caldara (Maddalena ai piedi di Cristo) eta Pergolesi (Stabat Mater), beste batzuen artean.

Espainiako Kantata Amerikan

Oso jende gutxik daki Amerikako artxiboetan musika barrokoko Espainiako maisu onenetako batzuen produkzioaren zati handi bat dagoela. Han artxibatutako milaka partituren artean, zoritxarrez Espainian gorde ez diren Espainiako errepertorioko benetako harribitxiak daude. Horixe da batik bat Guatemalako eta Mexikoko artxibategietan gordeta dagoen obra-multzo bereziaren kasua. Espainiako estiloko kantatak dira, egitarau honen oinarria eratzen dutenak. Kantata-mota hori gutxi aztertutakoa da eta are eta gutxiago bere neurrian baloratutakoa. Garai batean Europa osoan modan zeuden Italiako eredu zoragarrietan oinarrituta erabili zen Espainian.

Kantatak Espainian izan zuen garapenaren protagonista garrantzitsuenetako bat José de Torres izan zen, Madrilgo Errege Kaperako maisua. Haren kantatak Espainiako onenen artean daude eta, seguruenik, eragin handia izan zuten musika hispanoamerikarrean, batez ere bere musika inprimategian argitaratutako obren bitartez, XVIII. mendean Espainian zegoen musika-inprimategi bakarra baitzen. EA-E-A motako kantatak ere idatzi zituen arren, gehien interesatzen zaizkigun Torresen kantatak Espainiako musikaren eta Italiako musikaren elementuak nahastuz lortzen zituenak ziren. Horiek dira kantata zaharrenak, gutxi gorabehera 1700. eta 1720. urteen artean kokatu beharrekoak.

Egitarauaren bigarren zatian Espainiako cantata berantiarraren bi eredu eder daude eta 1702an Calatayuden jaiotako Jose de Nebraren maisutzari zor zaizkio. XVIII. mendeko lehenengo hogeita hamar urteetan idatzi eta penintsulan geratu diren Espainiako kantata gehienak sopranoarentzako idatzitakoak diren arren, Amerikako errepertorioak altuarentzako idatzitako kantatak ere baditu, baina horien jatorria ezezaguna da. XVII. mendean Italian idazten ziren kantata eta oratorioetan garrantzia zuen ahots altuaren presentziak, baina XVIII. mendetik aurrera castrato altuek arrakasta handia lortu zuten jendartean eta konpositoreen artean. Horregatik, zenbait operatan, esaterako, Handelen Amadigi izenekoan, konpositoreek castrato altuei ematen zizkien paper nagusiak. Europako moda horregatik eta Madrilen abeslari ospetsuren bat egon zelako sortuko ziren seguruenik Espainiako kantatak.

Obra guztiak Sakramentu Txit Santuari eskainita daude. Corpus Christi egunean edo Berrogei Eguneko zeremonian interpretatuko ziren seguruenik. Berrogei Eguneko zeremonia Sakramentu Txit Santua hiru egunez jarraian gurtzea zen. Modu horretan, Kristok tradizioaren arabera hilobian egin zituen berrogei orduak gogoratzen ziren. XVII. mendeaz geroztik, bilantziko (ez da nahastu behar gaur egun ezagutzen dugun gabon-kantarekin) deituriko konposizioak interpretatzen ziren Espainiako elizetan. Bilantzikoa Espainian sortutako generoa zen eta Espainiako barrokoko egile handienen sormena erakusteko bide aproposa.

Egitaraua

1 zatia

La Cantada Española en América
Joseph de Torres (ca.1670-1738)
Cantada al Santísimo: "Vuela abejuela", para alto, oboe, 2 violines y continuo (Recitado - Aria - Rezitado - Aria - Rezitado - Seguidillas - Grave)

Anónimo
(Giego Xarba y Bruna? ca.1700)
Obra de primer tono

Joseph de Torres (ca.1670-1738)
Cantada al Santísimo: "Panal de amor", para alto, oboe, 2 violines y continuo (Recitado - Aria - Rezitado - Aria - Rezitado - Coplas)

2. zatia

Joseph de Nebra (1702-1768)
Cantada al Santísimo: "Bello pastor", para alto, oboe, 2 violines y continuo
Recitado - Aria - Rezitado - Aria

Anónimo (Diego Xaraba y Bruna? ca.1700)
Obra de segundo tono

Joseph de Nebra (1702-1768)
Cantada al Santísimo: "Dulzura espiritual", para alto, oboe, 2 violines y continuo
Recitado - Aria - Rezitado - Aria