LAGUNTZAK, DIRULAGUNTZAK ETA BEKAK

GETXOKO ELKARTEEN IRUDIA EUSKARAZ JARTZEKO DIRULAGUNTZAK

Elkarteen irudi publikoa ere garrantzitsua da hizkuntzaren ikuspuntutik. Honegatik, elkarteen logotipoarekin batera idatzi ohi den testua (helbidea, telefonoa, etab.) gaztelera hutsean barik euskaraz ala elebidunean idatz liteke hori agertzen den toki guztietan (gutunazalak, orriak, esku-orriak, zigiluak...).

1.- NORETZAT IZANGO DIRA DIRULAGUNTZAK

* Herriko elkarte eta taldeentzat

2.- ZER DA DIRUZ LAGUNDUKO DENA

Orokorrean elkartearen irudi publikoa osatzen duten elementuek:
- Gutunazalak
- Orriak, zigiluak, txartelak
- Esku-orriak, kartelak, pankartak, barruko buletinak
- Bazkidetza-txartelak

3.- ZENBATEKOAK DIRA DIRULAGUNTZAK

* Euskara hutsez jarriz gero %50ekoa izango da dirulaguntza, gehienez 360 euro.
* Ele bietara jarriz gero, beti ere, euskara nagusi izanik, %30ekoa izango da dirulaguntza, gehienez 180 euro, beti eta elebitasun pizgarriaren irizpidea erabiltzen badu, hau da, euskarazko testuak, bai tamainagatik, tokiagatik edo azpimarratuta egoteagatik, lehentasunezko trataera badu.

4.- BALDINTZAK

* Elkartea Getxon erroldatuta izatea
* Ez da diruz lagunduko txarto idatzita dagoen edo oker gramatikalik duen elementurik.
* Elkarteek ez dute laguntzarik jasoko lehendik diruz lagundutako elementu bat aldatzeko.
* Elkartearen irudia aldatu baino lehen komeni da Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzea. Udalak bere Euskara Zerbitzuaren bitartez, itzulpengintza eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du doan, eta horren berri emango die interesa dutenei.
* Euskara Zinegotziak, agertzen diren kasu berezietan edo hemen jaso ez den kasuren bat gertatzen denean erabakiak hartzeko ahalmena izango du.
* Laguntzak emateko Udaleko Erregistro Nagusian aurkeztutako eskaeren hurrenkeraren arabera abonatuko dira, beti ere, aurrekontu partida egonez gero.

5.- AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

* Eskaera orria + kontu korrontearen zenbakia (20 zenbaki).
* Eskaerarekin batera egindako lanen faktura (originala)
* Aldatutako elementuaren ale zahar bat eta berriaren beste bat. Ezinezkoa balitz bi argazki.