|
|
|
|
|
|
| -Xedea | |
| -Aplikazioko eremua | |
| -Trafikoaren eta zirkulazioaren antolaketa | |
| -Portaerako arauak zirkulazioan | |
| -Oinezkoak | |
| -Animaliak | |
| -Seinaleak | |
| -Lanak bide publikoan | |
| -Seinaleztapeneko elementuak | |
| - Geldialdia eta aparkamendua | |
| -Bide publikoen usarioa | |
| -Bide publikoan debekatutako usarioak | |
| - Zuhurtasunezko neurriak | |
| - Ibilgailuak bide publikotik idokitzea | |
| - Zehapeneko prozedura | |
|
I TITULUA ATARIKOAK 1. art.: 7/85 Legeak, Errejimen Lokaleko Oinarriak erregelatzen dituenak, apirilaren 2, 25. art., b) eta ll) atalak, trafikoaren eta zirkulazioaren gaietan Udalei eratxikitzen dien eskumenaren bertutez diktatu izan da honako ordenantza hau, eta bai halaber, udalbarrutiko bideetako trafikoa eta usarioak oraingo egoerara nahitaez moldatu beharrean ere, Trafiko eta Motorezko Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide-Segurtasuneko Oinarrien Legea, 18/1989, uztailaren 25, aplikatzearen ondorioz, Trafiko eta Motorezko Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide-Segurtasuneko Legeko artikuluak, 339/90 E.L.D.ak, martxoko 2, onetsia bera eta 13/92 E.D.ak, urtarrileko 17, Zirkulazioko Arautegi Orokorra onetsi izan duenak, garatua. 2. art.: Behingoaz araubideak sartu izan dira, segurtasun, ordena eta usario moldezkoak goragoko maila batera jasotzea xedea daukatenez gero, honako erregelamendu honetan sartutakotzat euki daitezkeenak. I KAPITULUA XEDEA 3. art.: Ordenantza honek daukan xedea da trafikoa, zirkulazioa, segurtasuna eta usarioak erregelatzea hiribide publikoetan, usario komuneko direnetan edo eta pertsonen kontu ezin jakin ahalako batek erabilita Getxoko udalbarrutian zehar doazenetan. II KAPITULUA APLIKAZIOKO EREMUA 4. art.: Ordenantza honek dauzkan aginduak Getxoko udalbarruti guztian aplikatzeko dira eta afektatuko dituztenak dira: 4.1. Errepide konbentzionalak, bide lasterrak, edozein motatako ibilgailuen geralekuak eta aparkalekuak, zeharkaleak, plazak, kaleak edo hiribideak, jabari publikoko bideak eta oro har, usario komuneko bide guztiak, publikoak eta pribatuak. Aginduok ez dira aplikatzeko, ordea, inongo bideren, lursailen, garajeren, kotxetegiren, edo beste horrelako tokiren gainean, hura bera usario publikokoa ez bada eta jabeek edo haien azpikoek baizik erabil ez dezaten esleitua. 4.2. Lehenengo lerroaldean aipatutako bideen erabiltzaileak, diren ibilgailuen gidariak, titularrak, jabeak, egoileak, edo oinezkoak, hainbat bakarka nola taldeka zirkulatuta. 4.3. Pertsona fisiko edo juridiko guztiak, lehenagoko lerroaldean sartu gabe egonda ere agindu hoiek afekta ditzaketenak. 4.4. Obra-kontratistak eta lanak egiten dituzten erakundeak edo partikularrak, bide publikoan libre zirkulatzeari erasaten diotela, murrizten edo ezeztatzen. 4.5. Edozein motatako ibilgailuak, trafikoan sartuta daudenak lehenengo lerroaldean aipatutako bideetan, aparkatuta daudela edo ibili dabiltzala. 4.6. Animaliak, soltuan edo taldetan ibilita. II TITULUA TRAFIKOAREN ETA ZIRKULAZIOAREN ANTOLAKETA I KAPITULUA UDAL ESKUMENA 5. art.: Trafikoko, Motorezko Ibilgailuen Zirkulazioko eta Bide-Segurtasuneko Legeak hurrengo eskurantzak ematen ditu Udalaren gain: 5.1. Trafikoa antolatzea eta kontrolatzea udal jabegoko hiribideetan; bere udaltzainez jagotea; hiribide hoietan egin daitezkeen arau-hausteak salatzea, eta zehatzea, beste administraziori berariaz ez badagokio. 5.2. Hiribideetako usarioak erregelatzea xedapen orokorrez baliaturik, aparkalekuak erabiltzaile guztien artean berdin banatzea bat egiten duela ibilgailuen trafikoak behar duen zaulitasunarekin eta oinezkoen kaleen usarioarekin. 5.3. Ibilgailuak hiribideetatik eta hiriartekoetatik erretiratu eta gordetzea erregelamenduaren arabera erabakitako kasuetan eta baldintzetan, zirkulazioa oztopatzen dutenean edo eragozten, edo arrisku eragiten diotenean. 5.4. Kirol probetarako baimen ematea hirigune barruan egiten direnetan bakarrik, zeharkaleetan izan ezik. 5.5.Legez ezarritako probak egitea gidariengan intoxikazioen gradua ezagutzeko, alkoholagatik bada edo sorgorgarriak, psikotropikoak edo estimulagarriak hartuta, zirkulazioaren segurtasuna jagotea eta kontrolatzea bere esku daukan bide publikoetan zehar dabiltzanean. 5.6. Hiribideak ixtea behar denetan. II KAPITULUA PRINTZIPIO OROKORRAK 6. art.: Getxoko Udalak egoki deritzen neurriak hartu ahal izango ditu trafikoa antolatzekotzat, aldatzen dizkiela, murrizten edo debekatzen, behin-behinean edo behin-betiko, zirkulazioaren baldintzak ibilgailu eta oinezko guztiei edo haietako batzuei eta erregelatzen dituela aparkamendua eta karga-deskargak eta merkadurien eta pertsonen garraioa. 7. art.: Bide publikoaren eremuren bat erreparatzeko, seinaleztatzeko, mantentzeko edo garbitzeko bada, mugatu beharko da seinalatuta, lanek erasango dieten erabiltzaileei hoien berri jakinarazten zaiela 24 ordu gutxienez lehenagotik, presakako obrak badira izan ezik. Informazioan lanen hasiera noiz izango den berri eman beharko da. 8. art.: Udal Zerbitzu Teknikoek Udaltzaintzarekin koordinazio estu-estua euki behar dute informazioa ematerakoan eta erabakiak hartzerakoan, tamainia handiko lanak izatekotan bide publikoari eragiten diotenak eta 15 egun behino gehiago ustez dirautenak, edo eta denbora gutxiago irautekotan, bideen erabiltzaileei enbarazu larri eragin ahal dietenak. 9.art.: Udaltzaintzak zirkulazioaren antolaketa behin-behinean aldarazi dezake hiriko eremuren batean eta debekatu pertsonak edo ibilgailuak zenbait leku jakinetara iristea; hartarako, premiazkoak diren seinaleak jarri ahal ditu edo kendu, ezeztatu, beharrezko neurriak hartzen dituela zirkulazioaren segurtasuna eta zaulitasuna bere hartan eukitzeko bestean. 10. art.: Udaltzainen oharrak edo trafikoaren jagoleenak edozein seinaleren edo arauen gainetik ere den egongo dira, aparkamenduari, oinezkoen edo ibilgailuen trafikoari eta pertsonen edo gauzen garraioari begira; gehiagoko barik kasu egin beharko zaie, beraz. 11. art.: Getxoko Udalak halako bide batzuk lehentasunekoak deklara ditzake, edo trafikoaren dentsitate handikoak, horrelako errepideen berezitasunei arau orokorrak egokitzekotzat. 12. art.: Horrako bide hoiek identifikatu beharko dira zutikako argibide-seinaleak jarrita. Etzandako seinaleztapena egiteko kolore gorriko pintura erabiliko da. 13. art.: Bideetako erreietatik batzuk gorde ahal izango dira mota jakin bateko ibilgailuen zirkulaziorako eta erabili beharrekoak izan daitezke haietarakoak baizik ez direnak. III KAPITULUA PORTAERAKO ARAUAK ZIRKULAZIOAN I ATALA IBILGAILUEN ZIRKULAZIOA 14. art.: Arau orokorra denez gero, bihurguneetan eta ikuspen urriko sestra-aldaketetan berezi-bereziki, eskuinaldetik dabiltzala zirkulatuko dira ibilgailuak, galtzadaren ertzera ahal den hurrena, ordenantza hau doakien bide guztietan, alboko tartea gordeta bata bestearekin segurtasunez gurutzatzeko beste. 15. art.: Ibilgailuek ezin zaratarik egin dezakete soinu-seinaleak behar ez bezala erabilita, bapatean azeleratuta edo beren egiturak edo mekanikak aldatuak edo narriatuak dauzkatela. Ez da haizutuko batere ibilgailurik zirkulatzerik, obretatik etorrita bere gurpiletatik basa ugari botatzen duenik. 16. art.: Ibilgailuak ezin zirkulatuko dira keen ihes-tutua aldatua edo narriatua, homologatutako sonometroaz ke-tutuaren zulotik 10 metrora eta aurrez aurre egindako neurria 80 dB-etik gorakoa denetan. 17. art.: Motozikletak eta ziklomotoreak ezin zirkulatuko dira inondik inora espaloietan, nasetan edo ibiltokietan zehar, ordenantza honek oinezkoen esparruetarako agindutakoaz beste. 18. art.: Bizikleten eta ziklomotoreen gidariek, ibilgailu enparauen gidariek bezala, indarrean dauden zirkulazioko arauak eta seinaleak gorde behar dituzte, oso-osoan betetzen dituztela eta kasu egiten agintaritzaren egileen oharrei. 19. art.: Ziklistek galtzadan zehar doazela zirkulatzen direnetan, eskuinaldera ahal duten hurrena beharko dute. 20. art.: Ziklistek edo motoristek bidean sailean zirkulatzen direnetan, batak bestearen ondotik erreskadan beharko dute eta segurtasuneko tartea eukiko elkarren artean, lehian jardun gabe zeinek arinago egin edo trebeagoa izan. Guztiarekin ere, debekatua dago paraleloan edo bata bestearen parean zirkulatzea. 21. art.: Debekatua dago bidaideak ez animaliak bizikletaz ez ziklomotoretan garraio erabiltzea, eta bai bidaiaririk batere jartzea ere, gidariaren eta ibilgailuaren direkzioko manduen artean. Debekatua dago halaber, kargarik garraiatzea ikustea murrizten duenik edo makinaren maneiua eragotz edo oreka galdu eragin dezakeenik. 22. art.: Esku-gurdiak eta aulki gurpildunak espaloietan edo oinezkoen esparruetan zehar zirkulatuko dira, haien neurriak direla eta bideazkoei enbarazu egin gabe ibili ahal badira. Bestela ezinda, galtzadaren eskuinaldeko ertzaren ondo-ondotik ahal den beste ibiliko dira eta mugitutako bideko seinaleei men egin beharko diete, gainetiko ibilgailuetatik ikus ahal daitezkeen modukoak izanda. 23. art.: Ziklistek inongo bidetik ibiltzekotan, berentzat berariaz bereiziak dauzkaten erreiak, bidegorri deritzenak, usatuko dituzte gehienbat; udal zerbitzu teknikoek berek daukate hoiek markatzea eta seinaleztatzea. II ATALA OINEZKOAK 24. art.: Oinezkoek berentzat bereiziak dauzkaten espaloietan, ibiltokietan eta nasetan zehar zirkulatu behar dute. Galtzadan barruna ere mugitu ahalko dira kontuz eta beharrezko neurriak hartuta, zirkulazioari enbarazu egin gabe, hurrenengo kasuetan: 24.1. Gauza mandoak edo gangarrak, tamainia handikoak, eramatekotan, espaloietik ibilita beste oinezkoei oztopo eragin ahal liekete eta. 24.2. Oinezkoen talderen bat segizioan joatekotan. 24.3. Elbarriak aulki gurpildunen gainean mugitzekotan 24.4. Espaloirik edo oinezkoak zirkulatzeko erreserbatutako lekurik ez izatekotan; galtzadaren erditik ahalik eta urrunena, orduan. 25. art.: Galtzadatik zeharkatu behar dutenetan ahal dutenik bizkorrena egingo dute, kontu hauek hartuta: 25.1. Semaforoz erregelatutako pasaguneetan zehar, haientzat den argizko seinaleak bidea ematen dienetan baizik ez. : 25.2. Udaltzainek kontrolatutako pasaguneetatik, haien oharrei betiere kasu egiten zaiela eta galtzada barrura sartu gabe pasurik ematen ez badute. 25.3. Oinezkoentzat seinalatutako pasagunerik ez badago 50 metroko inguru batean, kantoietatik gurutzatu behar dute haiek alde batetik bestera, bidearen ardatz gainean norabide perpendikularrean. Honetara egitekotan, gurutzatu baino lehen begiratu behar da aseguratzeko ibilgailuen zirkulazioari ez zaiola batere enbarazurik egingo, pasatzen utzi behar zaie eta; behar balitz, bidean bertan gelditu, nahiz eta galtzadatik zeharkatzen egon. 25.4. Ezin zirkulatuko da galtzadan ez espaloietan patinak, monopatinak edo antzeko tramankuluak erabilita, Udalak hoietarako seinalatutako lekuetan baizik. Eskuz ekarriko dira hoiek eta zoru gainean behinere arrodatu gabe. III ATALA ANIMALIAK 26. art.: Ordenantza hau doakien bideetan debekatua dago gurtabererik, abere zamaririk eta itzegaitabererik ibiltzea, baita aziendarik edo abelbururik ere, ez banaka ez aldratan edo taldetan joanda. Debekatua dago halaber, gurtaberezko ibilgailuak zirkulatzea. Udal agintaritzak baimena eman ahal izango du abereak zenbait lekutan mugitzeko, beste erabiltzaileentzat arriskurik ekarri gabe, eta bai haiek direla medio zenbait ekintza eta ospakizun egiteko ere. 27. art.: Zakurren bat ikusten bada bide publikoan solte dabilela eta ezin bazaio zaintzaileari ohartu, bertan ez egonda, identifikazio-plaka lepoan euki zein euki ez, lotua eraman beharra daukala, dagokion udal sailari ekin dezan eskatuko zaio, edo Udalak kontratatutako enpresari, eta animalia hori herriko kaletik atera dezan zakurtegira ekarrita. Zerbitzu honek kostatzen duena kendu ahal izango zaio zakurraren jabeari, bera dela erakutsita. IV ATALA OINEZKOENTZAKO ESPARRUAK 28. art.: 1. Oinezkoentzako esparruak dira bide publikoaren eremuak, oinezkoak zirkulatzeko erreserbatuak eta gainetik jasoak edo beste modu batera mugatuak daudenak. Udal agintaritzak aginduta, haietan debekatua dago ibilgailuak, guztiak edo batzuk bakarrik, zirkulatzea edo eta aparkatzea. 2.- 5 urtetik gorakoek kirol mota guztian egitea debekatua daukate, hala nola baloi jokoan aritzea, eta bizikletaz, irristailuz edo patinez, monopatinez eta holakoez ibiltzea, Udalak horretarako paratutako tokietan ez bada. 29. art.: Oinezkoentzako esparruek beharrezko seinaleak eukiko dituzte sarreretan, elementu mugikorrak erabili ahal izan arren ibilgailurik sartzea ez zirkulatzea nahi ez bada. 30. art.: 1. Bai oinezkoentzako esparruetan, bai espaloi gabeko galtzadetan eta bidezkoen joera handia dagoen lekuetan, ibilgailuak sartzea haizutua dagoenean, zeinek bere abiadura murriztu beharko dute oinezkoen ibilerari egokituz eta premiazkoa balitz, gelditu ere egingo dira beharreko kontuak hartuz inor azpian ez harrapatzekotzat. Oinezkoen esparruetan ez da 10 km/or.-tik gora pasako abiadura. 2. Zikloan edo txirrinduan dabiltzanek, 5 urtetik beherakoak ez badira, edo bi gurpileko ziklomotorean edo motor-bizikletan, oinezkoentzako esparruetan oinez edo urratsez urrats ibili beharra daukate. 31. art.: Oinezkoen esparruetan zirkulatzea eta aparkatzea debekatua dago: 31.1. Esparruak berak bere mugapean inguratutako bide guztietan edo haietako batzuetan. 31.2. Betiere edo astegun jakin batzuetan. 31.3. Etengabe edo ordu batzuetan bakarrik, aurretik seinalatu eta erregelatuta. 32. art.: Esparruotan ez zaio inolako mugarik jarriko hurrena esango diren ibilgailuak zirkulatzeari eta aparkatzeari: 32.1. Poliziakoak, anbulantziak eta estualdi medikokoak, su-itzaltzaileenak, salbamendukoak eta zerbitzu publikoak egiteko baimendutakoak. 32.2. Gaixoak edo elbarriak garraiatzekoak. 32.3. Bertan baimendutako aparkaleku publikora edo pribatura joan edo etorri egiten direnak. 32.4. Karga-deskargak baimendutako leku-orduetan egiten dituztenak eta hatu edo fardel larriak edo pisuak etxe zein hoteletara ekarri edo eraman egiten dituztenak. 32.5. Berariaz baimendutakoak, bertakoak izateagatik, merkataritza dela eta, edo bestegatik. V ATALA OZTOPOAK BIDE PUBLIKOAN 33. art.: Bide publikoan kontenedoreak, mahaiak, kioskoak, saltokiak, txosnak edo beste edozein oztopo jartzekotan, udal baimena behar da eta baimenaren edukileek ematen zaizkien ohar guztiei kasu egin beharko diete, babespenaren, seinaleen edo argien kontura, beste erabiltzaileen segurtasuna gorde nahi bada. 34. art.: Udal agintaritzak bere buruz diharduela oztopoak kenduko ditu bide publikotik, gastuak interesatuen kontura, hurrengo kasuetakoren bat gertatuz gero: 34.1. Funtzionario arduradunak eskatuta baimena ez erakusteagatik. 34.2. Baimeneko kondizioak bete gabez. 34.3. Baimena emateko egondako kausak edo zioak suntsitua. 34.4. Baimena eraukitako epea amaituta. 35. art.: Udal agintaritzak oztopoak ken ditzake halaber, Udalaren pentsutan baina, segurtasunagatik, higieneagatik edo osasunaren arrazoiengatik premia dagoenetan, bidezkoa izanda zioak daudelarik; obrak egikaritzeagatik berdin, edo ikuskariengatik, segizioak baimenarekin ibilita, eta beste holako batzuengatik. 36. art.: Galtzadan bertan egonda, kontenedoreak, mahaiak, saltokiak, txosnak eta beste hiriko elementuak jartzeko erreserbatutako lekuak aparkamenduko erreserba modukoak izango dira. VI ATALA SEINALEAK . 37. art.: Udalak baimena eman gabe ezin jarriko da zirkulazioko seinalerik batere. 38. art.: Argibide-seinaleak jartzeko baimena emango da udal agintaritzak interes publikokoak deritzenetan bakarrik 39. art.: Ez da baimenduko inolako publizitate-propagandarik ez zabalkundekorik jartzerik, zirkulazio-seinaleen gainean ez haien ondoan. 40. art.: Debekatua dago arbolarik, landarerik, markesinarik, instalaziorik, ez edozelako publizitaterik jartzea, semaforoen ez trafikoko seinale zutikakoen ondoan ez haien gainean, galarazi ez diezaien ez murriztu behar bezalako ikustea edota atentzioa bidearen erabiltzaileei. 41. art.: Udalak ofizioz diharduela bertan edekiko du bide bezalako baimena ez daukan seinalea edo indarrean dauden arauen erara jarrita ez dagoena; egiteko honetatik sortutako gastuak haren ezarlearen edo onuradunen kargu izango dira. IV KAPITULUA LANAK BIDE PUBLIKOAN I ATALA ARAU OROKORRAK 42. art.: Kontratistek edo partikularrek lanak edo obrak bide publikoan egiten badituzte udal ordenantza honek erregelatutako bideetan libre zirkulatzeari erasan ahal diotenak, premiazko seinaleak eta zutolak jarri beharko dituzte lanen egikaritzapeneko aldian, ordenantzan bertan Seinaleztapeneko elementuak deritzan atalean azalduko diren arauekin bat datozela. 43. art.: Bide publikoan lanak egikaritzeko dituztenek, beharreko udal baimena hartarako jasota, agiria ekarriko dute Getxoko Udaltzaintzako bulegoetara, azaltzen dituztela obretan jarri beharreko seinaleen bereizkundeak eta zer-nolakoak, lanak inoiz hasiko badira aginduzkoa da eta, Udaltzaintzako sailak aprobatzea. 44. art.: Obrak leku finkotan egiten ez badira, bidean bertan luzetara baino, obren zuzendariak hasiera bateko proiektuari moldezkoak deritzen aldaketak eta gehitzeak erantsi ahal dizkio, ataza edo arlo bakoitzari dagozkionak; Udaltzaintzari bertan eman beharko lioke aldaera horren berri, beraz. 45. art.: Ezin hasiera emango zaio inongo obrari, udal ordenantza honek gobernatutako bideetan libre zirkulatzeari eragin ahal izango dionik, aldez aurretik beharreko seinaleak eta zutolak jarri izan ez badira, eta behar balira, babesgarriak. 46. art.: Seinale, zutol eta babesgarri hoiek aldarazi edo baita ere kentzekotan, jartzaileak berak egin egingo ditu oztopoa, haiek jarrarazi zituena aldatu edo bertatik alderatu bezain laster, alperrekoak izango ziren egunean noiznahi, batez ere jaiegunetan eta gauaz. 47. art.: Obretako seinaleak, zutolak eta babesak eskuratu, jarri, gorde eta edeki, egikaritzeko dituen kontratistak, partikularrak edo erakundeak egingo ditu bere kontu. 48. art.: Obrak amaituta, libratu baino lehenago, garbitu bat emango zaio guztiari eta erauziko dira soberakinak eta hondakinak, erremintak, zaborrak, obra lagungarriak, instalazioak, biltegiak eta eraikuntzak, guztiak batera jota, bermeko aldia bete artean kontserbatu beharrekoak ez direnak. Garbiketa hori bidearen jabari, zortasun eta afektazioko eremuetarainokoa ere izango da, hala nola behin-behinean okupatutako lursailetarainokoa; bai batzuk eta bai besteak lehengo moduan geratu beharko dira obrak egin aurretik zeuden bezala, edo ingurukoak artean dauden bezalatsu. 49. art.: Ezin usatu izango da Zirkulazioko Arautegi Orokor indarrean dagoenak erakusten dituenez bestelako seinalerik batere. Eskribua edo irakurgaia daukatenak galtzadatik kanpoan paratuak badaude, arautegi horrek agindutakoez bestelakoak izan daitezke kokatu uste diren lekuaren benetako egoerari erraz egokitzearren. 50. art.: Enplegatzeko diren seinaleak gutxiena izango dira gidari zentzudunak behar dituen neurriak har ditzan edo beharreko maniobrak egin ditzan erosotasunekin kondizio normaletan, gidariari begien bistako mezuak dituzten seinaleekin atentzioa galarazi gabe, premiagabeko seinale hoiek ez jarrita gidariak berak argi iritzi eta igerriko dio. Nahiago izatekoa da trafikoa erregelatzekotan seinale osagarrizkoak paratzea gehienbat, arriskuko seinale bera errepikatzea baino, horrela argibideak handiagotuz. 51. art.: Seinaleen edo zutolen bitartea arau orokorraz beste da eta segitzeko den irizpidea izango da seinaleek aldian-aldian adierazi bezala egiteko diren maniobrak banan-banan interpretatzea. II ATALA SEINALEZTAPENEKO ELEMENTUAK 52. art.: Galtzada parte behintzat okupatu behar duten lanak seinaleztatzekotan hurrengo elementuak gutxienez enplegatuko dira: a) arrisku-seinalea: "Lanak" (P-18). b) hesia, galtzadatik erabil ezin daitekeen eremua aurrez aurre mugatzekotzat. 53. art.: "Lanak" seinale-plakatik hesira 10 metro gutxiena eta 25 metro gehiena egongo da, betiere bideuneko ikuspenaren eta trafikoaren egiazko abiaduraren arabera, eta haintzat harturik zenbat seinale osagarri paratu behar diren harako seinalearen eta hesiaren artean. 54. art.: Lanen hasierako lekua gurutzagune ondoan izango bada, seinaleztapeneko tartea halako moduan galtzadaren egoerari moldatuko zaio, non harantz doazenek bertan obrak diren ohar argia hartuko duten. 55. art.: Gutxieneko seinaleztapena argitu, osatu edo emendatu nahi izatekotan, hurrengo elementuak erantsi daitezke, zirkunstantziei begira: . a) Abiaduraren mailaz mailako mugapena, 30naka km/o. gehienez, errepide horretarako xedatutakotik guztiz gelditzeraino, behar balitz (R-301). b) Mugapenaren lehenengo seinalea "Lanak" adierazten dituen arrisku-seinalearen aurretik para daiteke. c) Zirkulazioak mugatutako eremuan daukan araubidearen oharra (P-25, R-6, R-5, R-305). d) Ibilgailuen orientazioa nondik desbidera daitezkeen (R-400c). e) Okupatutako eremuaren luzetarako mugapena. 56. art.: Abiaduraren muga ez da behinere izango bidearen zirkunstantziek eskatutakoa baino txikiagoa, segurtasunaren kondizio normaletan 57. art.: Okupatutako zentzu bakarreko tarteune txandakatuak ikuspen eskasa daukanetan edo trafikoaren dentsitate handiko bideetan badago, nahiz eta dentsitate hori behin-behinekoa den, trafikoa erregelatzekotzat langileak enplegatuko dira esku-seinaleak darabiltzatela, aldian eta lekuan bertan ikusteko modukoak, edo bestela, enpresak ezarritako semaforo alternatiboak. 58. art.: Bideko errei bata okupatuta dagoenean, beste errei bi behinik behin daudela zentzu berean, R-400 plaka ipiniko da 45 graduko angelu batean desbideratzea seinalatzeko. 59. art.: Bidearen aldeetako arriskuak edo oztopoak mugatu beharra badago, konoak edo konozutolak, hesiak edo seinalatzeko zinta txandakatuak erabiliko dira; debekatua dago bada, obretako gaiak usatzea, esateko moduan, zintarriak, hondar-metak, bidoiak, eta beste. 60. art.: Seinale guztiak gauaz ikusten errazak eta argiak izan behar dira, isladatzaileak, beraz. 61. art.: Hesiek muturretan argi gorriak eukiko dituzte betiere, martxa-zentzuaren arabera jarriak. Galtzadaren erdian egotekotan, zirkulazio-zentzu bikoitzarekin gainera, argi horiak eukiko dituzte muturretan. V KAPITULUA GELDIALDIA ETA APARKAMENDUA I ATALA GELDIALDIAREN ARAUBIDEA 62. art.: Geldialdia deritza ibilgailu baten ibilgetze guztiari pertsonak hartzeko edo uzteko, edo gauzak kargatzeko edo deskargatzeko eginda, edo beste edozein egintzari, hura bidean 2 minutu baino gutxiagoko denbora batean geldiarazita; ez da geldialditzat joko ustegabeko edo behin-behineko geldialdia zirkulazioaren premiengatik eraginda. 63. art.: Geldialdietan gidariak ezin bertan behera utzi dezake ibilgailua eta inoiz inon egingo balu, begien bistan euki beharko du eta bertatik alde eragin albait arinen, hala egiteko eskatuta edo zirkulazioaren beharrengatik. 64. art.: Espaloi gabeko kaleetan gelditzekotan, metro bateko tartea utziko da ibilgailutik hurreneko fatxadara, bestelako seinalerik badago izan ezik. 65. art.: Geldialdia galtzadan bertan egitekotan, beraren ertzera ahal denik hurrena paratuko da ibilgailua. 66. art.: Geraldia egin nahi den lekuaren ondoan 40 metroko ingurualde batean eremuren bat dagoenean hartarako prestatua eta seinaleztatua, ez da halakorik zertuko. Estualdiak edo ezinbesteak behartuta errenkadan besteren alboan egin beharra dagoenean, lekuren batean geldituko da zirkulazioari enbarazu egin gabe eta gidaria ibilgailu barruan egonda. 67. art.: Autotaxiak aparkatuko dira behar den moduan eta hartarako erreserbatutako lekuetan; Getxoko Udalak berak xedatuko ditu leku hoiek zerbitzurako eraukitako lizentzietan adierazita. Gainerakoan, ordenantza honen geldialdiaren araubideaz eraenduko dira. 68. art.: Autobusak, bai hiri barrukoak edo hiriartekoak eta bai zerbitzu diskrezionalekoak, ezin geldituko dira udal agintaritzak berariaz seinalatu edo xedatutako geralekuetan baizik, bidaiariak hartzeko eta uzteko. Udal agintaritzak berak errekerituko du irakastegietako zuzendaritzetatik, ikasleen garraioko zerbitzua kontratatua badaukate, proposatutako ibilbideen berri bidal dakion eta hoiek ikusi eta onartutakoan geralekuak finkatuko ditu harako agintaritza hark bidatz bakoitzerako egokiak iritzi bezala; ez da egongo beraz, ikaslerik jasotzerik eta uzterik ere, geraleku hoietan baizik. 69. art.: Bertako gidarien eskoletako arduradunei ere galdegin ahal die halaber, udalbarrutian zirkulazioaren irakaskuntza ematerakoan, noizbait xedatzeko diren eremu, egun eta orduei eustea. 70. art.: Geldialdia guztiz debekatutako lekuak eta kasuak hurrengoak dira: a) Bidagurutzeak eta gurutzaguneak, zirkulazioaren dentsitate handiak eraginda ere. b) Hala seinalatu edo arautegiaz debekatutakoak; baimendutako ibilgailuak, estualdiko zerbitzuak edo segurtasunekoak, edo gaixoak edo elbarriak hartzeko eta uztekoak izan ezik. c) Lehentasuneko bideak edo trafikoaren dentsitate handikoak, bestelako seinaleak dauzkatenak ez badira. d) Hiribideak, zirkulazioari enbarazu handia eginda e) Errenkada bitan geldituta. f) Oinezkoen babesguneak, irletak, erdibitzaileak, babeslekuak eta trafikoa bideratzeko elementu enparauak. g) Ibilgailuen sarbide-irtenbideak, ibiaren plaka behar bezala seinalatutako eraikinetan. h) Espaloiak, ibiltokiak, lorategiak eta oinezkoentzako pasaguneak. i) Kantoietik, bidagurutzetik edo bidebanatzetik 5 metrora bitartea. k) Trafikoko seinaleak ikusten utzi ezindako lekuak. l) Bihurguneak, sestra-aldaketak eta ikuspen eskaseko lekuak beste ibilgailuek gelditutakoari arrisku handirik gabe aurrea hartu ezinda. m) Geralekuak, zerbitzu publikoek, erakunde ofizialek eta estualdiko zerbitzuek behar bezala seinalatuta dauzkatenak. n) Kategoria bateko ibilgailuak zirkulatzeko erreserbatutako erreiak. o) Sarbideen aurrealdea, etxeetan eta eraikinetan, ikuskari edo ospakizun publikoak jende ugariren etorrerarekin eskaintzen dituztenetan behar den moduan seinalatuta daudela. p) Karga-deskargetako eremua, seinalatutako orduen barruan. II ATALA APARKAMENDUAREN ARAUBIDEA 71. art.: Aparkamendua deritza ibilgailuaren ibilgetze guztiari bi minutu baino gehiago dirauela eta zirkulazioaren premiengatik eraginda ez dagoela. 72. art.: Ilarako edo errenkadako aparkamendua, ibilgailuak bata bestearen ondotik paratuak daudena da. 73. art.: Zeharkako edo bateriako aparkamendua, aldiz, ibilgailuak bata bestearen alboan edo saihetsean paratuak daudena da. 74. art.: Ibilgailuak errenkadan aparkatu beharko dira, osterantzeko seinalerik ez bada, eta zoladurako marra artean, espaloiera hurren-hurrena, izaka edo bide-erretena estali gabe. Espaloi gabeko kaleetan berriz, 64. art.-an agindutakoari eutsi beharko zaio. 75. art.: Beste seinaleren faltan, zirkulazio-zentzu bikoitzeko bideetan, errenkadan aparkatzea galtzadaren eskuinaldean haizutua dago, martxa-zentzuari jarraituz. Zirkulazio-zentzu bakarrekoetan modu berean ere aparkatzea dago eta bidearen zabalera enbarazurik gabe aparkatzeko bestekoa bada bakarrik, galtzadaren ezkerraldean ere egin daiteke. 76. art.: Hainbat ilaran nola zeharka aparkaturik, ibilgailu batetik besterako bitartea pertsona bat normalean pasatzeko modukoa izango da. 77. art.: Edozelan ere, gidariak ibilgailua halako moduan aparkatuko du eze bera berez ezin mugituko dela, aurretik beharreko neurriak hartuta. 78. art.: Ibilgailuen aparkamendua debekatutako lekuak dira: a) Arautegiaz edo seinaleez debekatutakoak. b) Geldialdia debekatutakoak. c) Errenkada bitan edo errenkada batean oztoporen bat edo babesgarriren bat dagoenean. d) Leku berean 7 egun baino gehiago elkarren ondotik. e) Martxa-zentzuaz kontrakoak. f) Autobus edo taxi geralekuak. 79. art.: Ordenantza honek erregelatutako bideetan ezin aparkatuko da ezelako atoirik batere ibilgailu traktoretik bereizitakorik, ez autobusik, ez traktorerik, ez obretako makinarik, ez karabanarik, ezta baimendutako gehieneko pisua 3.500 kg.tik gorakoa duen ibilgailurik ere, berariaz baimendutako leku-orduetan izan ezik. 80. art.: Bizikletak eta ziklomotoreak ezin aparkatuko dira oinezkoen esparrutako seinalatutako eremutan, ez irleta gainetan, espaloietan, lorategitan, ibiltokitan, plazatan, ezta beste edonon ere, ibilgailuen trafikoari murriztuta dagoenik. 81. art.: Zirkunstantziei begira baimendu ahal izango da horrelako ibilgailuak oinezkoen esparruetan aparkatzea, hartarako seinalatuta badaude. Aparkaleku hoietara sartzea oinez egin beharra dago, jarlekua eskonpatu gabe eta motorea itzalita, nahiz eta espaloi gainera igo ahal izateko motorearen indarraz baliatu 82. art.: Ziklomotoreak baterian edo zeharka aparkatuko dira galtzada gainean, okupatutako zabalera 1,5 metro gehien izanda. III TITULUA BIDE PUBLIKOEN USARIOA I KAPITULUA KARGA-DESKARGAK. KONTENEDOREAK 83. art.: Udal agintaritzak berak xedatu eta seinalatu egingo ditu karga-deskargetako lekuak. Karga-deskargetako seinale-plaketan hasiera-amaieretako ordu-egunak adieraziko dira aparkamenduaren mugapena noiz den. Guztiarekin ere, egiteko hoiek behar diren orduetatik eta lekuetatik kanpoan ere baimendu ahal izango dira bertakoei ez bideen beste erabiltzaileei enbarazu ez egiteko hitzean. 84. art.: Merkadurien karga-deskargetako lanak seinaleetan adierazitako orduen barruan burutuko dira bide publikoan, lekuaren bereizkundeei eta zirkunstantziei begira. 85. art.: Zaraten eta dardaren gaineko udal ordenantzak, 18. art., agindu bezala, eguneko 22.00etatik 08.00etara bitartean debekatua dago karga-deskargak egitea eta bai kutxak, kontenedoreak, materialak eta erremintak maneiatzea ere. 86. art.: Ibilgailuren batek karga-deskargetako aparkalekuetan egingo duen egonaldia egiteko hoiek burutzeko behar bestekoa izango da eta karga-deskargak egingo dituen ibilgailua inondik inora ezin egongo da bertan 5 minutu baino gehiago ezeri ekin gabe. 87. art.: Karga-deskargetarako erreserbatutako lekuetan eta ordu-mugen barruan, beren bereizkunde teknikoengatik merkadurien garraiorako prestatuak dauden ibilgailuak bakarrik aparkatu ahal izango dira, edota holakoxeak ez izanda aurrealdeko parabrisan garraio-txartela erakutsia daukatenak, eskudun agintaritzak luzatutakoa. 88. art.: Eta berarizko lizentzia, udal agintaritzak behar bezala luzatutakoa agerian daukaten ibilgailuak ere baimenduak daude leku hoietan aparka daitezen, garraioan ez badihardute ere, esateko moduan, asistentzia medikokoak, elbarrienak, epaitegietakoak, zaintzakoak eta segurtasunekoak. Honelako ibilgailuak karga-deskargetako eremuan aparka daitezke, gainetiko erabiltzaileei ahal den gutxiena enbarazu eraginda baina. 89. art.: Berariazko baimenik izan ezik, edozelako merkadurien karga-deskargak behar diren lekuetan egitea debekatua daukate ibilgailuek, zabalera 2 metro edo luzera 5,5 metro baino gehiago badaukate. Mugapen honetatik kanpoan daude hirugarren kategoriako ibilgailuak, erregaia hornitegietara garraiatzen dutenak edo etxeetako gordailuetara hornitzen. 90. art.: Merkadurien banaketako ibilgailu industrialek hiribarruan badihardute, ez dute eukiko baimendutako gehieneko pisua 6 tonatik gorakoa. Baimendutako gehieneko pisua 1.800 kg. daukaten furgonetek ez daukate ordu-mugarik. 91. art.: Baimendutako gehieneko pisua 12 tonatik gorakoa daukaten ibilgailu guztiak, kargarekin zein karga gabe, ezin zirkulatuko dira hiribarruan zehar, ez ezin egingo dute holako maniobrarik eta horretarako baimena beharko lukete Getxoko Udaleko zerbitzu teknikoetatik. 92. art.: Erabat debekatua dago kontenedoreak 08.00etatik 19.00etara bitartean garraiatzea, batzea eta ezartzea, obretako zaborrak, biderio, kartoi eta beste jasotzekotzat, dauden hutsik edo beteak, guztiz edo parte. 93. art.: Materialak gordetzeko edo hondakinak batzeko diren kontenedoreak, udal baimenarekin konta, ezin ezarriko dira aparkamendua debekatua ez, edo orduetan mugatua, daukaten bideetan baizik, ibilgailuek behar bezala aparkatuta markatzen duten lerrotik kanpora irten gabe. Zurigarrizko arrazoiengatik hola ezin izango balitz, manuzkoa litzateke Udaleko bulego teknikoaren baimenarekin batean Udaltzaintzaren txosten faboragarria aldean eukitzea. 94. art.: Kontenedoreok olanaz estalduak egon beharko dira lanorduez kanpo, bai ezarrita daudela eta bai lekuz aldatuak direnetan, inork ezertxo ere ezin sar dezan, ez barruan utzitako materialak ezin ikus daitezen ez bide publikoan barrena sakabana, ez haizearen poderioz eta ez inoren badaezpadakoren eskuz. 95. art.: Merkadurien karga-deskargak ibilgailuak espaloiera hurren daukan aldetik egingo dira, beharreko medio guztiez baliatuko da eragiketa zaulitzeko eta saiatuko beste ibilgailuri ez oinezkori traba ez egiten zirkulazioan. 96. art.: Karga-deskargetako merkaduriak, materialak ez gauzak ez dira behean zoru gainean pausatuko, ezpada zuzen-zuzenean aldatuko dira gordetako lekutik ibilgailura edo alderantziz, behar den arreta jarrita zaratarik ez nekerik ez eragitearren. 97. art.: Oin berriko eraikuntza egiterakoan, obra-baimenaren eskatzaileek egiaztatu beharra daukate obra barruan lekuren bat eukia karga-deskargetako aparkamendurako. Posible balitz, obretarako erreserbatutako aparkalekuak interesatuaren eskaeraz eraukiko dira; eskatzaileak aldiz, txosten teknikoa aurkeztuta erakutsi beharko du obra barruan ez daukala inongo espaziorik erresalbaturik. 98. art.: Aparkamenduaren erreserbuagatik, esandako usariorako edo beste edozeinetarako eraukita, tasa ordaindu beharko litzateke udal ordenantza fiskalean hartarako agindu bestean. CAPITULO II GARRAIO DISKREZIONALA 99. art.: Garraio diskrezionaleko zerbitzuaren prestazioa, bederatzi jarleku, gidariarena ere konta, baino gehiagoko ibilgailuetan eginda, udalerria bera jatorri-helburutan daukala, udal baimenaren azpiko izango da. 100. art.: Edozein pertsonak edo erakundek, zerbitzuaren titularra denek egin dezake udal baimenaren eskaera; premiazko dokumentuak aurkeztu beharko ditu indarrean dauden legeek agindu bezala eta proposatutako ibilbidea eta geralekuak adierazi. 101. art.: Jatorrizko baimenaren alderako aldatzerik batere egitekotan baimen berria eskatu eta luzatu beharra dago. 102. art.: Udalbarrutian egiteko diren geraldien eta aparkamenduen araubidea atxikiko zaie bidaiari-garraioko zerbitzuaren kondizio berei III KAPITULUA BIDE PUBLIKOAN DEBEKATUTAKO USARIOAK 103. art.: Bide publikoan ez da permitituko batere jokorik ez jolasik, bideazkoei ez horretan ari direnei gogait ez arrisku eragin ahal dienik. 104. art.: Harako ospakizun, ekintza edo deialdi haiek guztiek, jende ugari samaldatan bil dezaketenak oinezkoen edo ibilgailuen pasaera oztopatzen dutela, udal baimenarekin kontatu beharko dute. Hala eta guztiz ere, baldin lekuan presente dauden agintaritzaren agenteek estimatzen badute egindako kalteak edo eragin litezkeenak askoz handiagoak izango liratekeela baimena emateko zio izandako usteak baino, pertsonen edo ondasunen osotasuna arriskutan jarriz, bertan ezeztatu ahal izango dute baimena eta ospakizuna eseki. 105. art.: Jende emanaren ilarak, edozein esparrutara edo zerbitzutara sartze eukitzekotan, ordenan formatu beharko dira eta binakako erreskadan, gehiena; eraikinen fatxadetan luzetara paratuko dira haien ondo-ondoan eta edonora sarrera galarazi gabe, atarteetara, establimenduetara edo garajeetara alegia, eta galtzada inoiz ere okupatu gabe. Jendearen ilara eragin duen jardueraren erantzuleek behar den ordenako zerbitzua disposatu beharko dute, gertakizunei aurrea hartzea nahi bada eta bidearen erabiltzaile enparauei gogait ez eragitea. 106. art.: Debekatua dago hirigunean zirkulatzea merkaduria arriskugarriak garraio darabiltzaten ibilgailuak; hoiek dira 1-A, 1-B, 1-C eta 2 motetakoak, Estatuko Arautegiak, merkantzia arriskutsuak errepidez garraiatzea erregelatzen duenak, 1754/1976 dekretuaz onartutakoak ezarri bezala. Behingoaz, arrisku-etiketak, arautegiko 1 edo 2-A direnak ere erantsi beharra daukatenak 107. art.: Honelako ibilgailuei inoiz utziko litzaieke hirigunean sartzen, kondizio teknikoak konplituko balituzte ordenantza honek neurrien gainean bildutakoak eta behar balitz hala egin lezaten zerbaiten horniketarako edo ezinbestean arrazoizko kausagatik. 108. art.: Debekatua dago bide publikora edozelako hondakinak botatzea edo bertan behera uztea, baita paperak, plastikoak, azalak, eta holakoak; eta halaber, geldirik edo abian dauden ibilgailuetatik jaurtikitzea. 109. art.: Debekatua dago ibilgailuak bide publikoan garbitzea eta txukuntzea IV TITULUA ZUHURTASUNEZKO NEURRIAK I KAPITULUA IBILGAILUEN IBILGETZEA 110. art.: Getxoko Udaltzaintzak erabakita ibilgetu ahal izango luke ibilgailuren bat, baldin hura erabilita, arrazoi den bezala, hainbateko arriskua ekar ahal balekioke gainetiko ibilgailuen, oinezkoen edo ondasunen zirkulazioari. Haintzat hartzeko kasuak dira hauek, bestalde: a) Gidariak aginduzko gidabaimena ez badauka, bere ibilgailua erabiltzeko administrazioaren aldetik haizugoa jasotakoa. b) Gidariak ibilgailuaren zirkulazio-baimena ez erakutsia, trafikoaren begirantza bere gain daukaten udaltzainek galdegindakoan c) Ibilgailuaren akats teknikoak direla eta, galtzadari kalte eragiten zaionetan nahitaezko elementuak ez eukita, edo gehiegizkoa edo desegokia izanda garaiera, zabalera, pisua, luzera edo kargaren ezarrera edo lotura. d) Gidariak botatako arnasako alkoholeko tasa handiagoa denetan gidatutako ibilgailuari legez dagokiona baino, eta endemas beste gidari bat haren ordez jarri ezinda. e) Gidariak edo haren kide gidariek ukatzen dutenetan botatako arnasako alkoholaren maila neurtzeko probak egitera, zantzuak antzemanik alkoholezko edariak hartua. f) Gidariak mugitu ahala edo ikuspena murriztua daukanetan neurri handitan, bidaiariak ugari izateagatik, haien egoeragatik edo garraiatutako kargaren ezarreragatik. g) Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (ITV-IAT) behar den epean ez egina Zirkulazioko Segurtasuneko Legeak agindu bezala, ez udaltzain diharduenaren bistan ez erakutsia zurigarririk egunen bat itundu duela ofizialki baimendutako lantegian egiteko. h) Baldin trafikoaren arau-hausteren bat salatuta, salatutakoak frogatzen ez badu ohiko bizilekua espainiar estatuko lurraldean daukala, ez ezartzen isunaren behinbehingo kontua, ezta bermatzen ere ordainduko duela. i) Baldin ibilgailua Ibilgailuen Obligaziozko Asegurua ez daukala zirkulatzen ari bada, edo eskatuta udaltzainaren bistan erakutsi ezinda j) Baldin ibilgailuak arautegiko manuren bat hautsi badu, hala non garabia enplegatuta hura bide publikotik kentzea justifikatua dagoen, eta beraren arduradunak edo gidariak ukatu badu dirutan ordaintzera ibilgailuaren krokatzeko tasa, Udal honek indarrean daukan tarifaren arabera. Ibilgetzea ahal den lekurik hurrenenean zertuko da zirkulazioari enbarazu eragin ez inongo seinaleren agindurik hautsi gabe. 111. art.: Udaltzaintzak ibilgetu ere egin ahal du traba edo zepoa usatuta, behar bezala aparkatua ez dagoen ibilgailua, zirkulazio-arautegiko 292. artikuluaren esanera. Gidariak berriz zirkulatzea nahi badu, agintaritza eskudunari galdegin behar dio aurretik ordaintzen duela ibilgetzeagatik ahal liratekeen gastuen zenbatekoa, udal ordenantza fiskalarekin bat etorrita. 112. art.: Ibilgetzeari bide emandako kausak deseginik eseki beharko da hura bera, jurisdikzioko arrazoirik ez bada neurri hori bere hartan egonaraztea artamendatzen duenik. II KAPITULUA IBILGAILUAK BIDE PUBLIKOTIK IDOKITZEA 113. art.: Udal agintaritzak edo udaltzainek agindu ahal izango dute ibilgailuren bat bide publikotik idokitzea eta udal gordelekura aldatzea, baldin hark zirkulazioari enbarazu handia egiten badio edo oinezkoen eta ondasunen segurtasuna arriskutan jartzen badu edo zerbitzu publikoren baten funtzionamendua destorbatzen. 114. art.: Ibilgailua bide publikotik udal gordelekura idokitzea ez da bidezko izango, baldin gidariak presente dagoela behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailuaren arauzkontrako egoera aldarazteko garabiarekin krokatu baino lehen. Honetakotzat, agintaritzaren udaltzainak gidaria errekerituko du, edo jabea edo arduraduna, ibilgailuaren ondoan legokeena, beraren arauzkontrako egoera aldarazi dezan eta inor ez izatekotan edo konturik egiten ez dionik errekerimenduari, ibilgailua aldatzeari ekingo zaio. Arazo hau burutan aterako da udaltzainak gidariari egingo dion identifikazioaz eta salaketaz beste, trafikoko arauak hausteagatik. 115. art.: Kasu bietan aginduzkoa da isunaren zenbatekoa ordaindu beharra, Getxoko Udaleko ordenantza fiskalak, ibilgailuak bide publikotik idokitzeko tasa erregelatzen duenak dioen arabera. 116. art.: Ibilgailua barruan egoilerik batere daukala ezin eramango da udal gordelekura. Baldin eta ibilgailu hori idokitzea beregain daukan udaltzainak gidariari edo egoileei aginduko balie barrutik bertatik ateratzea eta bere esanari jaramon egingo ez baliote harako haiek, ordena publikoari kalte handiagorik ez eragitearren, ibilgailua lekuz aldatzea beharreko segurtasuneko neurriak hartuta egingo litzateke, hura garraiatzean guztiz ibilgetzea aseguratzeko modukoak. 117. art.: Trafikoaren enbarazuen kausa larriak, ibilgailua garabiaz bide publikotik arrazoi den bezala idokitzeko bestekoak, hurrenengoak dira: a) Ohartzea leku batean hilabete gutxienez segituan aparkatua egona dela eta egiaztatzea denbora hori lehenengo salaketa egin ondotik irauna. b) Ibilgailua erreskada bitan aparkatua egona gidaririk gabe c) Sarrera-irteerak oztopatua, Getxoko Udalak baimendutako ibiaren seinale-plaka zenbakiduna daukaten eraikinetan. d) Debekatutako lekuan aparkatua egona, zirkulazio-dentsitate handiko bidean, udal ordenantzatan hola ezagutarazi beharrean. e) Karga-deskargetarako berariaz erreserbatutako lekuan aparkatua egona, mugapeneko seinalean hartarako esleitutako orduen barruan. f)Ibilgailua garraio publikoetako erreserbuko eremuetan aparkatua egona, behar den moduan seinalatu eta mugatuta aurkitu beharrean. g) Estualdiko eta segurtasuneko zerbitzuetako berariazko erreserbuko lekuetan aparkatua egona, esateko moduan, anbulantziak, ponpariak eta polizia. h) Halabeharreko irtenbide aurrean aparkatua egona, ikuskizun publikoetako lekuetan eta hoiek egiten diren orduetan. i) Aparkatutako ibilgailuak seinaleaz baimendutako bira eragotzia. j) Ibilgailua espaloi edo ibiltoki gainean aparkatua egona, osoa edo parte, aparkatzea bertan debekatuta. k) Seinalatutako oinezkoen pasagunean aparkatua egona. l) Erreskan edo alaka eran aparkatua egona, aldameneko kaleko zintarriaren lerrotik hara aterata, ibilgailuen ilara bati pasatzen uzten ez diola edo oinezkoei libre zirkulatzen. m) Halako moduan leku batean aparkatua egona, non trafikoko seinaleak estaltzen dituen eta bidearen erabiltzaile enparauei arrisku handia eragin ahal dien seinaleok ikusi ezinda bete gabez. n) Eraikin ofizialen inguruan behar bezala seinalatutako segurtasuneko eremuetan aparkatua egona. o) Berariazko erreserbuko lekuetan aparkatua egona, konparazio batera, obra, elbarri, udal zerbitzu, kontsulatu edo beste Udalak baimendutako edozertakoetan. p) Haren kontserbazioko estatua hainbateko arriskutsua izana, arrazoi den bezala, beraren ondotik dabiltzan bideazkoentzat. q) Ibilgailua aparkatuta, arrazoizko ziorik gabe, matxurarenik ez bada, soinu-alarmari jo eragina egona, haren erantzulea idoro ezinda. 118. art.: Ibilgailua bide publikotik idokitzeko edo lekuz aldatzeko zio izango dira, haren jabeari dirurik batere kostatu gabe, hurrenak: a) Ibilbide batean edo eremu batean zuzen den bezala aparkatua egona, nondik pasa behar den jendea, dela segizioa edo martxa, dela prozesioa edo kabalkada, edo non egin behar den kirol saioren bat edo munta handiko jardueraren bat, agintaritzak baimendutakoa, ibilgailua bertatik kendu beharraren berri jabeari jakinarazi ezinda. b) Bide publikoa konpondu edo garbitu beharra egona, lekuan aparkatua dirauela nabarmen erasaten badio bertako segurtasunari edo osasungarritasunari. c) Bide bezala justifikatutako estualdiak behartua. 119. art.: Jabeak udal gordelekura garabiaz idokitako ibilgailua errekubratu nahi badu, aurretik prezio publikoaren kontua ordaindu beharko du lekuz aldatzeagatik eta egonaldiagatik, udal ordenantza fiskalak ezarritakoa. Arrazoizko segurtasuneko kausengatik lekuz aldatuak apart daude, esate baterako, ohostutako autoa errekubratua, jabea behingo batean ezin aurkitua, edo agintaritza judizialak berariaz hala erabakita. 120. art.: Baldin eta ibilgailua garabiaz lekuz aldatu izan ez balitz, haren tresna mekanikoekin "krokatua" izan balitz ere, krokatzearen tasa bakarrik pagatu behar luke udal ordenantza fiskalaren esanera. Ibilgailua krokatua izan dela esanda, aditu behar da eutsia, lotua, irozoa eta gora jasoa, lekuz aldatzeko dauzkan krokak edo kakoak, txirrikak edo indar egiteko tramankuluak erabilita. V TITULUA ZEHAPENEKO PROZEDURA 121. art.: Udalbatzako Alkate-Lehendakaria da organo eskuduna zehapenak ezar ditzan ordenantza honetako manuen hausteen gainean, hala nola harako indarrean dauden legeek xedatutakoak. 122. art.: 1. Hausteen egileak baizik ez du beregain hartuko holakoegintzen erantzunbeharra eta ezezaguna izatekotan, ibilgailuaren jabea errekerituko da hamabost eguneko epean jakinarazpena jaso ondotik ekar dezan gidari erantzulea ezagutarazteko behar beste datu, ohartarazten zaiola eginbide hau konplitu gabez arrazoizko ziorik ez duela, falta larritan eukita halakoari doakion zehapena ezarriko dela prozedurako izapideetan. 2. Inork bere eginengatik erantzukizun penala edo zibila izan ahal ote duen jurisdikzio eskudunak badio edo ez badio, adinez txikikoei ordenantza honen arauen bat hausteagatik zehapena ezartzen bazaie, haien gurasoek edo kuradoreek beren ondareaz beren begiran dituztenen isunei erantzun baharra daukate. 123. art.: Agintaritza eskudunaren aldetik ofizioz emango zaio hasiera zehapeneko prozedurari, jakin baleki trafikoko arau-hauste ahal liratekeen egintzen berri edo salaketa eginda. Trafikoaren begirantza beren kontu daukaten agintaritzaren agenteek beren egitekoetan dihardutela erreparatuta, salatu beharra daukate Trafikoko, Motorezko Ibilgailuen Zirkulazioko eta Bide-Segurtasuneko Legearen, eta Zirkulazioko Arautegi Orokorraren, eta udal ordenantza honen aurka jaukitako hausteak. Edonork ere salatu ahal izango ditu halaber, trafikoko arauak hautsitako egintzak. 124. art.: Trafikoko arau-hausteen egintzak salatzerakoan hurrengo datuak xehatuko dira: ibilgailuaren identifikazioa, salatutakoaren nortasuna, ezaguna balitz, egintzaren zertzeladak lekua eta eguna eta ordua azalduta, eta salatzailearen izen-deiturak eta lanbidea eta bizilekua. Azkeneko hau udaltzaina balitz, beraren datuak identifikazioko zenbakiaz alda daitezke. Salaketako orria salatutakoari bertan eskuratuko zaio, hala ahal bada, salaketari dagokion espedienteari hasiera emanda; salatutakoak salatzailearekin batean sinatuko paperean, bere sinaduraz aitor ematen diola berarentzat den kopia eskura jasoari, ez salaketaren egintzekin bat datorrela, ordea. Baldin eta salatutakoak uko egingo balio sinatzearei edo egiten ez baleki, hala jarrarazi egingo luke salatzaileak eta berak adierazitakoak harako bestearen sinadurak beste balioko luke. Bestelako arrazoiengatik ere, salaketako paperean behar den bezala justifikatuta agertarazita, jakinarazi ahal izango da geroago salaketaren berri; bertan eskura ez emandako salaketa-orriek ez dute baliorik batere izango, halere, ibilgailua geldiaraztea eragotzi zuten berariazko kausa zehatzak agertu ez jakinarazi gabe badaude. 125. art.: Borondatezko salaketak udaltzainei esanda berbaz egin daitezke edo nahi bada, idatziz, Alkatetzara jota. Salaketa udaltzainen bati eragingo balitzaio, salaketaren orria beteko luke hark berak erregelamendua den bezala eta lehenagoko artikuluan esandako datuez bestalde, idatziz jarriko ea bere buruz egiaztatu zuenez ala ez salatutako egintza eta bai pertsona salatzailearen izen-deiturak eta helbidea ere; horrako orri hori Alkatetzara jo eragin eta gero izapidatuko litzateke hurrengo artikuluan agindua legez. 126. art.: Jarraitu behar zaion prozedura hasi eta bukatu arte izapidatzerakoan, ordenantza honen 136. artikuluak aipatzen dituen araubideen esanetara egongo da betiere. 127. art.: Agintaritzaren udaltzainek egindako salaketek balio izango dute salatutako egintzen frogatan, haiek berek ahal diren frogagarri guztiak agirira atera beharra badaukate ere. 128. art.: Jakinarazpenari dagokionez, ibilgailuaren jabearen eta gidariaren bizilekutzat joko dira haiek berek berariaz adierazitakoak eta halakorik agertu ezik, Gidarien eta Arau-hausleen Errejistroan eta Ibilgailuenean ageri direnak, hurrenez hurren. Jakinarazpenen araubidea eta betebeharrak, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko gaietako zigor-prozedurako araudia onetsi duen otsailaren 25eko 320/1994 errege dekretuak ezarritakoak izango dira; baita ere, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legearen testu artikulatua onetsi duen martxoaren 2ko 339/1990 errege dekretu legegileak, eta azkenik, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko hazilaren 26ko 30/1992 legeak, eta hoiexei egin dakizkiekeen aldaketek ezarritakoak. 129. art.: Administrazio-bideari azken ematen dioten ebazpenen kontra administrazioarekiko liskar-auziko errekurtsua eragin daiteke. 130. art.: Arau-hausteak zehatzeko ekintzak hiru hilabete dirau egitate hoiek jauki izan diren egunetik kontatzen hasita, epearen amaieran iraungitzen dela hura. Preskripzio hori administrazioak aldez edo moldez diharduela etengo da, salatutakoak jardute horren berri badaki edo beraren nortasuna edo bizilekua ezagutarazteko bada edo jakinarazpenagatik. Preskripzioko epeari berrien berriz hasiera emango zitzaion prozedura hilabete baino gehiago egonean egon izan balitz salatutakoaren gain egotz ezin zitekeen kausagatik. Zehapenaren preskripzioko epea urtebete izango da erabakia behin-betikoa izanda hurrengo egunetik hasita. 131. art.: Arau-hauste larrien eta oso larrien zehapenak Gidarien eta Arau-hausleen Errejistroan anotatuko dira eta era ofizialean edo interesatuak eskatuta ezeztatuko, aurrekinen alderako, behin preskripzioaz edo guztiz betetzeaz gero sei hilabete pasata. |
|