Getxo barrena oinez

Sei ibilbide eskaintzen dizkizugu Getxon barrena lasai eta atseden hartzen ibil zaitezen. Horrela, Getxoko gune gozagarri batzuk begiztatu eta atsegin hartuko duzu.

Jar zaitez gurekin harremanetan! Getxon lo egiteko lekua lortzeko Getxoko turismo bulegotik dohainik, zuk aukeratutako hotela edo ostatuko erreserba izapidetzen dizugu

Getxoko etxe-handien pasealekua

 

 

Iluminación Muelle de las Arenas Muelle de las Arenas

 

Palacio San Joseren Palacio Eguzki Alde

 

 

 

Bizkaia Zubia - Algortako Portu Zaharra

Abraren ondotik doan ibilaldi ederra dugu hau (gutxi gorabehera, ordubetekoa).

Puente Bizkaia

Bizkaia Zubiko (esteka kanpoko orri batera, orri berria irekiko da zure nabigatzailean), edo zubi eskegia lagunartean, burdinazko egitura da (Eiffel dorrearen antza izugarria dauka), eta Getxo nahiz Portugalete lotzen ditu, Nerbioi ibaiaren itsasadarraren gainetik. Alberto Palaciok diseinatu zuen zubia, eta 1893ko uztailean amaitu zuten. Beraz, ehun urte baino gehiago dauzka.

2006ko uztailean “Bizkaia Zubia” Gizadiaren Ondare izendatu zuen UNESCOk. Euskadin Gizadiaren Ondare izendatu den lehen gauza eta Espainiako Estatuan Industri Ondare izendatu den lehen gauza da.

Bizkaia zubitik berrehun bat metrora, parke txiki eta txukuna aurkituko dugu. Bertan, Evaristo Txurruka ingeniariari eskainitako eskultura-multzoa dago. Txurrukak Abrara sartzeko bidea erraztu zuen. Izan ere, XX. mendearen hasiera arte, oso arriskutsua zen itsasadarrera sartzea, hondarpe batek oztopatzen baitzuen sarrera. M.G. Salazarrek egin zuen monumentua 1939an, eta horren bitartez, gizakiaren eta itsasoaren arteko borroka irudikatu zuen.

Evaristo Churruca

Areetako kaitik zehar joanda, ontziratzeko tokia eta Abrako Itsas Elkartearen instalazioak ikus daitezke. Leku horretan, Getxoko Jose Luis Ugarte itsasgizonaren omenezko bela eskola dago. Jose Luis Ugarte nazioarteko estropada entzutetsu batzuetan hartu du parte, hala nola, "Boc Challenge" eta "Vendeé Globe" izenekoetan.

Eraikin eder-ederrak ikus daitezke kai osoan, besteak beste:

  • Itxas-Begi (Zugatzarte, 27): 1927an taxuturiko eraikina. Rafael Garamendik diseinaturiko eraikin hori euskal jauregi-arkitektura eta ingeles kutsuko arkitektura uztartzen ditu.
  • Kai-Alde jauregia eta Luis Allende jauregia (Zugatzarte, 51 eta 55): Irlandako jatorria zuen Manuel Mª Smith bilbotar arkitektoak diseinatu zituen biak, 1925ean. Harlanduz egindako eraikin bikainak dira.
  • Cisco etxea (Zugatzarte, 61): Eskandinaviar moldeko jauregitxoa da, hori ere Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua (1909-1911). Gero, zaharberritu zuten, aparteko molde barrokoaren arabera. Halaber, Ana erreginaren arkitektura moldearen xehetasun batzuk erantsi zizkioten.

Cisco etxea igarota, ezkerrera egingo dugu, Arriluzeko itsasargirantz. Hala, "Urrezko miliara" iritsiko gara. Hantxe, itsasoaren aurrean eta lorategiz beterik dagoen pasealeku batean, jauregitxo eta etxe bikain ugari ikus daitezke.

Palacio Legizamón Caserío Aizgoyen

Jauregitxo eta berealdiko etxe horien artean, honako hauek dira nabarmenenak:

  • Lezama Leguizamón (Atxekolandeta, 1, Algorta): J. M. Basterrak eginiko jatorrizko proiektua (1902) kontuan harturik, moldaketa eta berrikuntza gehien izan dituen etxea izango da. Manuel Mª Smith arkitektoak egin zuen proiektuaren azken moldaketa, 1921 aldean. Jauretxe dotore hori handia-handia da; Salamancako Monterrey jauregian oinarriturik dagoen erdiko dorrea gailentzen da.
  • Mudela jauregia (Atxekolandeta, 3, Algorta). 1910eko eraikina da, Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua. Lau angeluko oinplanoa dauka, eta harri-horma entokatuz eta harlanduz eginda dago.
  • Ampuero jauregia (Atxekolandeta, 9. Algorta). Manuel Mª Smith-ek diseinatu zuen 1928an. Batez ere, harlanduz eginda dago. Bestalde, neomenditar moldekoa da, garai hartako beste eraikin asko eta askoren modukoa.
  • Aizgoyen baserria (Atxekolandeta, 13. Algorta). Manuel Mª Smth Ibarraren obra zahar eta esanguratsuenetako bat dugu. Hain zuzen ere, 1910ekoa da, eta euskal baserrietan oinarrituriko erregionalismo-lan bikaina da. Harriz eginda dago.
  • Arriluze jauregia (Atxekolandeta, 15. Algorta) José Luis de Oriol-ek diseinaturiko eraikin hori 1913an amaitu zuten. Egitura eta apaindura atalak nagusi dira eraikin horretan. Horrela, jauregiak Erdi Aroko itxura du, eta Britainia Handiko Ana erreginaren eta Victoriar moldeetako kutsua du.
  • Atxekolandetako galeria edo Begoña lurmuturra (Algorta). Kostaldeko eitearen arabera egokituriko galeria handia da, zutabeduna eta balaustredun zabaltza batek estalia. Arriluzeko magala bermatzeko asmoz egin zen, Horacio Etxebarrietaren etxearen barruan (gaur egun ez da ia ezer geratzen). Rafael Bastidak diseinatu zuen galeria, 1918an.
  • Naufragoen etxea (Arriluze kaia, z/g. Algorta) 1920an dokumentaturiko etxe hori Ignacio Smith arkitektoak diseinatu zuen. Bi solairuko baserri handi baten eredura eginda dago. Izkina batean, irudi batez itsasotik ur gaineratzen diren arku zabal batzuen gainean, zirkulu-formako ebakidura duen itsasargi-dorrea dago.

Punta Begoña

Leku horretaraino iritsita, ibilbidetik aldendu eta Kirol portu berriko itsas eta aisialdi gunera joan ahal gara. Bertan, jatetxeak, tabernak, dantzalekuak, zinemak, dendak eta abar aurkituko ditugu. Arriluze kaitik oinez segituz gero, itsasargia dago mutur batean, gaztelutxo almenadun bat bailitzan. Arrantza zaleak horraino joan ohi dira.

Puerto Viejo

Ereaga hondartzako pasealekutik ibilita, Algortako arrantza-porturaino -portu zaharra izenez ezaguna- helduko gara. Ibilbide honetan, Turismo bulegoa eta egoitza-eraikin dotoreak aurkituko ditugu. Eraikin horietara joatea dago hondartzatik bertatik, lorategi zainduen artean abiatzen diren bidexka eta zidorretatik.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Santa Ana Baseliza - Rosales Egoitza

Ibilaldi hau Santa Ana baselizatik abiatzen da, hots, Areetako Maximo Agirre eta Santa Ana kaleetako elkargunetik (ibilbide osoa egiteko, ordubete eta laurden behar da, gutxi gorabehera).

Santa Ana baseliza: 1864 aldean eraiki zuten. Bizkaiko neogotikoaren ale zaharrenetako bat da. Agirre familiak eskatu zuen obra eta Modesto Etxaniz Zaballa arkitektoak diseinatu.

Iglesia de las Mercedes

Handik, Areetako merkataritza gunean zehar, Andres Larrazabal kalera helduko gara, eta Mesedetako Ama Birjinaren eliza ikusi ahal izango dugu. - Mesedetako Ama Birjinaren eliza. 1885ean diseinatu zuen Severino Atxukarrok. Elizak hainbat berrikuntza izan zituen, baina 1937an, tamalez, galdu zen eraikin hori, gerra zibilean izandako sute baten eraginez. Gerra amaituta, eliza berriro eraikitzeko asmoz, auzokoen batza izendatu zuten. Lan horri esker egin zen gaur egun ikus dezakegun eliza, 1947an bedeinkatua. Rafael Garamendi eta Manuel Galíndez arkitektoak elkarlanean ibili ziren egitasmoan.

Fresko eta gangak margotzen zituen Bilboko Ramil pintorearen zazpi margolan dauzka. Elizaren barruan, organoa azpimarratu behar da. Organo hori Madrilgo Errege antzokian izan zen, eta Euskal Herrian dagoen handiena da: lau teklatu eta laurogei joko dauzka.

Jendearentzako ordutegia: egunero, 9:00etatik 10:00etara; 12:00etatik 13:45era eta 18:00etatik 20:00etara.

Mesedetako elizatik aurrera segituko dugu Zugatzarte pasealekutik. Pasealeku hori Getxoko lorategi eta zuhaizti zabalenetakoa da, eta hainbat eraikin bikain ikus daitezke bertan, besteak beste:

  • Txurruka jauregia (Zugatzarte, 14. Areeta) Manuel Mª Smith-ek diseinatu zuen 1929an. Eraikin purista da, eta Espainiako errenazimentu eta barrokoko alderdi kultuak eta euskal jauregi-arkitekturakoak uztartzen ditu.
  • Bake-Eder etxea (Zugatzarte, 32. Areeta). Jatorrizko proiektua, Donostiako Luis Elizalderena (1901), Eskandinaviar moldekoa da. Manuel Mª Smith-ek zaharberritu zuen 1909an, eta edergarri lar erabiliz apaindu zituen. Azken batean, Old English moldean argiro oinarritutako eraikina da.
  • Maria Medeatzailearen espiritualtasun etxea (Zugatzarte, 36. Areeta). Erlijio-eraikina da, Jose Maria Basterrak 1915 inguruan eraikia. Frantziako jauregi neoklasikoen imitazioa da. Jendearentzako ordutegia: egunero, 7:30etik 19:30era.
  • San Joseren etxea (Zugatzarte, 52. Areeta) José Luis Oriol-en lana, 1916koa. Kanpoaldean, Erdi Aroko moldea du. Eraikin horren barrualdeko berraztertze sakona egin zuten, eta 1986an zaharberritu.

Paeo Zugazarte Paseo Zugazarte

Algortarako lurrazpiko pasabidetik joanda, honakoa aurkituko dugu albo batean: Eguzki-Alde jauregia edo Barbier etxea (Avanzada, 1. Algorta).

Abraren aurreko leku eder batean dago. Rucabadok diseinatu zuen jauregia, 1918an. Getxon dagoen arkitektura neomenditarraren ereduko eraikin garbiena da, eta Bizkaiko garrantzizkoenetako bat. Edergarri ugari ditu, Espainiako Urrezko Mendekoen irudira.

Ondoren Portuko ibiltokitik jarraituko dugu. Ibiltoki horretan, XX. mende hasierako eraikin bikainak begiztatu ahal izango ditugu, hala nola, Eguren jauregia eta Santa Barbara, Karmengo elizara iritsi bitartean; elizaraino doan bidetik jo baino lehen, metro azpiko pasabidetik igaro beharra dago.

Iglesia del CarmenKarmengo Ama Birjinaren eliza (Portuko ibiltokia, 14. Algorta) Emiliano Amann arkitektoak diseinatu zuen, 1905ean. 1914an amaitu zuten. Eskandinaviar moldean oinarriturik dago eliza. Barruan, zenbait irudi erakargarri daude, eta giza tamainako Kristo gurutziltzatua.

Jendearentzako ordutegia: egunero, 7:00etatik 11:00etara eta 17.00etatik 20:15era.

Portuko ibiltokitik segituko dugu oinez, Neguriko etxadi oso bat betetzen duen eraikin bateraino heldu arte. Rosales egoitza. 1917 eta 1920 artean eraiki zuten, Rafael Garamendiren proiektuaren arabera. Rosales etxea ingeles kutsuko landa-etxe garbiena da. Batetik, Old English eta Ana erregina moldeak, eta bestetik, hispaniar historizismoko alderdiak nahasten ditu. Lorategi ondo zaindu eta zabalak ditu inguruan.


Santa Klara - Trinitarioen Eliza

Ibilbide hau Algortatik abiatzen da, eta ordubeteko iraupena du, gutxi asko.  Santa Klara jauregitik (Foruak 4, Algorta) irtengo gara.

Eraikin eder-ederra da. Jose Maria Basterrak taxutu zuen jatorrizko proiektua, 1902an. Oro har, oso eraikin xumea da, Old English moldeko apaingarriak nagusi. Manuel Mª Smith arkitektoak hainbat berrikuntza egin zituen 1918an; horien ondorioz, jauregiak egoitza kutsuko britainiar gaztelua dirudi, eta Ana erreginaren moldeko apaingarriak gailenak dira. Hormak adreilu gorri prentsatuez estali ziren. Gaur egun, udal bulegoak daude Santa Klara jauregian.

Palacio Santa Clara Casa Consistorial

Ibilbideari jarraiki, Foruen kaletik jaitsiko gara, eta han, Santa Klara jauregitik oso hurbil, honako hau aurkituko dugu: Udalbatzaren jauregia(Foruak, 1. Algorta). 1917an diseinatu zuen Fidel Urrutiak, baina J. Ignacio Smith-ek amaitu zituen lanak 1928an. Oinplanoa angeluzuzena du, eta egitura bitxia dauka lurraren desnibela berdintzearren. Hori dela eta, zabaltza-erako zokalo handia eraiki zuten. Kalitate handiko eraikina da, Berangoko harrobietako urre-koloreko hareharriz eginda. Neomenditar eta euskal jauregietako moldeen eragina dauka. Getxoko udaletxearen egoitza da.

Udaletxearen aurrean, San Ignazio plaza dago, eta horren barruan, Loiolako San Ignazioren eliza (San Ignazio plaza, Algorta) dago. 1878 eta 1892 artean eraiki zuten. Eraikin hori egiteko planoak Narciso Goiri arkitektoari eskatu zizkioten. Goirik 1880an sinatu zituen planoak, baina eliza ez zen amaitu 1892 arte. XX. mendearen hasieran, Rafael Fontán arkitektoak eraldaketa nabarmena egin zuen elizaren barrualdean. Gaur egun, molde neoerromantikoa du, baita neobizantinismotik ekarritako hainbat xehetasun ere. Jendearentzako ordutegia: egunero, 11:00etatik 13.00etara eta 18:30etik 20:00etara.

San Ignacio de Loyola

Ondoren, Basagoiti etorbidetik joko dugu. Oinezkoentzako ibiltoki lasaia da, eta eraikin ikusgarri batzuei erreparatu ahal diegu bertan, besteak beste, Sangroniz jauregiari (Basagoiti etorbidea, 18) eta Eugenia etxeari (Basagoiti etorbidea, 16). Eraikin horiek igaro eta Etxe Arrosa (Basagoiti etorbidea, 20) aurkituko dugu. Etxe Sorgindua edo Malo Molinaren etxea ere esaten diote. 1898 eta 1901 artean eraiki zuten, Francisco Ciriaco Mentxakaren planoen arabera. Etxe hori Mentxaka arkitektoaren lanik garrantzitsuentzat jo daiteke Getxon. Italiar kutsuko molde neobarrokoa du; hala ere, barruko egiturak Erromako etxeetako atrium direlakoak dakarzkigu gogora. Gaur egun, udal atal batzuen egoitza da.

Etorbide luze horretan, eraikin bikain batzuk eta hainbat parke begiztatuko ditugu. Parke horietan, Maria Kristina erreginaren parkean eta Urquijo parkean, hain zuzen ere, Abraren ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu.

Basagoiti etorbidearen bukaeran, San Nikolas plazan, Bariko San Nikolas eliza aurkituko ditugu. 1854 eta 1863 urteen artean eraiki zuten. Lorenzo Francisco Móñiz-ek diseinatu zuen. Dena dela, Antonio Araluze arkitektoak zaharberritu zuen eliza 1925ean. Neoklasiko berantiarraren moldekoa da, eta Bizkaiko onenetakoa dugu estilo horretan. Udaletxe zaharraren eta Getxo antzokiaren ondoan dago, hots, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Algortako bizitzaren gune izandakoan.

Ibiltokiaren bukaeran, San Martin kaletik joko dugu. Kale horretan, Trinitarioen eliza (San Martin kalea, Hirutasuna kaleko kantoia) aurkituko dugo.

Iglesia Trinitarios

Komentua eta eliza eraikitzeko lanak José María Basterra arkitektoaren zuzendaritzapean hasi ziren, 1888an. 1926an, sute batek hondatu zuen eliza, eta berriro eraiki zuten, Pedro Guimón-en planoen eredura. Hainbat handitze-lan izan ostean, egungo eitea 1963koa da. Elizaren oinplanoa greziar gurutzekoa da; apaindura, aldiz, antzinako garai batzuetako espainiar erromanikoaren moldekoa: Leireko monastegia, Silosko Santo Domingo, Estibalitzko Ama Birjina, Vallesko San Joan (Tarragona). Jendearentzako ordutegia: Lanegunetan (7:30 - 9:30 - 13:00); Igande eta jaiegunetan (7:30 - 8:30 - 9:30 - 10:30 - 11:30 - 12:30).

Andra Mari - Azkorri

Ibilbide honek alde lasaia zeharkatzen du, landa eta basoetan barrena (ordubete eta hiru laurden behar dira, gutxi gorabehera).

Andra Mari (Getxoko Santa Maria) auzoan sortu zen Getxoko lehen bizigunea (XII. mendean), Santa Maria edo Andra Mari elizaren inguruan. Leku horrek landa-eremuen xarma gorderik dauka oraindik ere.

Andra Mari

Andra Mari eliza (Maidagan. Andra Mari). Barrio Loza irakaslearen arabera, elizaren jatorria XII. mendekoa ei da. Alabaina, antzinako eliza erromanikoaren hondar bakan batzuek ez besterik iraun dute. Gaurdaino iritsi zaigun eraikina, batik bat, XVIII. mendearen erdialdekoa da, mende horretako Bizkaiko eraikuntza barrokoen moldekoa.

Andra Mari

Bi elizpe ditu, biak ere egurrezkoak. Barrualdean, birjinaren irudia dauka, jesarrita eta haurra altzoan duela. Flandesko eragina du eta gotiko-errenazimentuko aldien artekoa da. Getxo-Martiartu etxea irudikatzen duten -hainbat aldaeratan- armarri bik apaintzen dute eliza. Etxaurrean, udalerriko baserri guztien izenak ageri dira. Jendearentzako ordutegia: lanegunetan, 19:00etan; larunbat, igande eta jaiegunetan, 9:00, 11:00, 12:00 eta 13.00etan.

Eliza zahar horren aurrean, Andra Mari kiroldegi modernoa dugu. Irakurtzeko eta ikasteko gelak, pilotalekua eta probalekua daude kiroldegian. Hala, hainbat herri-kirol erakutsi ohi dira bertan, eta euskal pilotako txapelketak jokatu.

Zuhaitz artean doan ibiltokitik jaitsi, Aingeru Guardakoaren baselizara (Maidagan. Andra Mari) iritsiko gara. Benta etxearen atzean dago. Bi irudi dauzka: Aingeru Guardakoarena eta Arrosarioko Ama Birjinarena. Halaber, idazkun bat ageri da aldareko mahaian: Pedro Aldai abadearen izena eta 1649 urtea idatzita daude.

Molino de Aixerrota

Ibilbideari jarraiki, Intxorta kaletik abiatuta, Aixerrotara (Galeako kaminoa. Andra Mari) helduko gara. Aixerrota deritzon errota antzina Getxon izan ziren haize-errota guztietan zutik dirauen bakarra da. 1726 eta 1727 artean eraiki zen. Aldi horretan, Bizkaian dokumentatu diren antzeko errota batzuk eraiki ziren; Getxokoaz gain, Artxandakoak eta Ipazterrekoak ere badiraute zutik.

Eraikuntza horiek guztiak jaso ziren XVIII. mendearen hasieran Bizkaiko jaurerrian gertatu zen lehorte izugarri baten eraginez. Hala ere, 1787 urtean, erroten ohitura galduta zegoen, eta etxebizitza gisa erabili zituzten mende horren amaieran eta hurrengoan. Aixerrotaren lehen jabea Edmundo Shee, elizatean bizi zeneko irlandar jatorriko merkatari bat, izan zen. Errota oraintsu zaharberritu da, eta arte galeria bat nahiz jatetxe ospetsu bat kokatu dituzte bertan. Jendearentzako ordutegia: egunero, asteazkenetan izan ezik, 13:15etik 21:30era.

Aixerrotaren ondotik abiatzen da Galeako itsaslabarren ondoko pasealekua. Abrako ikuspegi onena dago pasealekutik. Galea berba "gale" frantses hitzetik dator, eta itsaslabar esan gura du. Eremu horrek Frantziako Normandian dauden gres zuriko itsaslabarren eta Ingalaterrako Dover herrian dauden itsaslabarren antz izugarria dauka.

Aisialdiko gune bilakatu da Getxoko eta gure udalerriz kanpoko biztanle askorentzat. Gune horrek landa berde-berdeak eta pinudiak ditu, eta bada, beraz, izadiaz gozatzeko leku aukerakoa.

La Galea

Galeako leku bikain batean, ondokoa aurkituko dugu: Printzearen gaztelua edo Galeako gotorlekua. XVIII. mendeko gotorleku ikusgarria da. Gaurdaino iritsi den mende horretako eraikuntza militar bakarra da Bizkaian. Gotorlekua eraiki zen Bilborantz zihoan itsas merkataritza zaintzeko. Jaime Sycre ingeniariak diseinatu zuen, eta obrak 1742an hasi ziren.

Ibilbidea itsaslabarren ingurutik doa, oinezkoentzako bide batetik Azkorriraino, hots, ibilaldi honetako heldueraraino. Osteratxo lasai horretan, Galeako itsasargia eta Galeako golf zelaia -Neguriko Golf Elkartearen egoitza- aurkituko ditugu.

Aizkorri

Behatoki natural horretatik zehar oinez gabiltzala, Galea lurmuturrean dauden kalak ikus daitezke, eta apur bat aurrerago, Gorrondatxe (edo Aizkorri) hondartza. Kalitate handiko urak izateaz gain, ingurune ezin hobean dago; hori dela eta, Europako Erkidegoaren bandera urdina dauka merezimendu osoz.

 

Horraino helduta, oinez jarraitzen badugu, Barinatxe (Salvaje) hondartzaraino helduko gara, edo, bestela itzultzeko autobusa har dezakegu Aizkorriko geralekuan.

Larrañazubi - Errotaetxeko Santa Kolunbaaetxe

Ibilbide honek Larrañazubi alde lasaia zeharkatzen du. Larrañazubi Getxoko barrualdean dago, alderik ezezagunenean. Baso eremua dugu hau, hainbat baserri ostentzen dituena.

Humedal de Bolue

Makaletako etorbidean hasiko gara, Algortarako bidean. Lexarreta kalean, eskuinera egingo dugu. Larrañazubi herri ikastetxearen atzealdetik igarota, Larrañazubi alderantz joko dugu. Bide horretatik joanda, paisaia ikusgarriaz goza daiteke. Ibilbide horretako tarte batean, Getxoko ingurumenaren harribitxi preziatuenetako bat begiztatuko dugu: Bolueko hezegunea.

Hezegunearen ertzetan ageri diren sahats eta haltzen ondoan, lezka arruntak eta lezka hostozabalak hazten dira hezegunearen erdialdean. Bolueko hezegunea hegazti migratzaile askoren bizitokia da; hantxe, bertako fauna osatzen duten animalia ugarirekin batera bizi dira: ahate, igel, dortoka, arrain eta abarrekin.

 

Ermita Rotaetxe

Bolue Getxoko gune natural onenetakoa da. Eremu hori berreskuratzeko ahaleginaren ondorioz, egundo apaldu da hezegunearen ertzetik doan Uribe Kostako autobidearen ingurumen eta paisaiaren gaineko eragina.

Bolueko hezegunea atzean utzita, zenbait baserriren artetik igaroko gara, eta Errotaetxe aldera iritsiko gara. Hantxe, Errotaetxeko Santa Kolunba baseliza aurkituko dugu. XVI. mendekoa da. Harlandusko edo silarrixka eta harri-hormaz eginiko eraikina da, eta estali gabeko egurrezko armazoia dauka. Aurrean, neurrizko elizpea du, horma batek eta barrek nabetik bereizita.


Informazioa

Getxoko Turismo Bulegoa
Playa de Ereaga, s/n. 48992. Getxo
Posta elektronikoa: infoturismo@getxo.net

Teléfono: (34) 94 491 08 00