21 Tokiko Agendaren herri plana

Getxoko Udaleko Gobernu Batzarrak udalerri honen Iraunkortasunerako Jarduketa Plana onetsi du. Plan horretan 80 ekintza sartzen dira, 2008-2011 denboraldian ekin behar zaienak. Ekintza horiek hainbat bilera egin ondoren lehenetsi ditugu. Bilerak iraunkortasunarekin zerikusia duten arloetako arduradun politiko eta teknikoekin (ekonomi, gizarte eta ingurumen gaietakoak) eta Tokiko Ingurumen Foroarekin egin ditugu. Helburua da hobekuntza jarduketa hauek 21 Tokiko Agendaren esparruan egitea, iraunkortasun irizpideak aplikatuz betiere.

Getxoko Iraunkortasunerak Ekintza Plana egiten eta eztabaidatzen ondoko udal arlo hauek parte hartu dute: Hirigintza, Ingurumena, Udaltzaingoa, Hezkuntza eta Euskara, Azpiegiturak, Energia, Gizarte Zerbitzuak, Kontratazioa, Udaltzaingoa, Kalitatea eta Udalburutza. Gai honetan aditua den enpresa batek aholkularitza eman digu.

Bestalde, Getxoko Tokiko Ingurumen Foroa udaleko osoko bilkuraren erabakiz sortu zen, 2003ko azaroaren 28an, ekonomi eta gizarte eragileen ordezkarien parte hartzearekin. Zehazki, foroan ondokoak daude ordezkaturik: Getxo Enpresa eta Merkataritza, Ekologistak Martxan eta Lanius elkarte ekologistak, 21 Tokiko Agendaren garapenean murgilduta dauden udalerriko ikastetxeetako bi ordezkari, Emakume Elkarteko ordezkari bat, Urkoa Kontsumitzaileen Elkarteko ordezkari bat, Basozaleak elkartearen ordezkari bat, kirol erakundeen ordezkari bat, boluntario erakundeen federazioa den Fegevol-en ordezkari bat eta ingurumeneko aditu bi. Sortu zenetik, foroak hogeita hamar batzar egin digu. Batzarrotan, batik bat, udalak proposatutako Iraunkortasunerako Ekintza Plana eztabaidatu da. Getxoko Udalak ingurumenaren eta iraunkortasunaren alde sustatu dituen kanpainak eta abiatu dituen jarduketa ezberdinak ere eztabaidatu dira, hala nola, Aste Berdea, Europako Mugikortasunaren Astea eta "Nire kotxea gabeko eguna", besteak beste.

2000ko urtarrilean Aalborgeko Gutuna (europar hiri eta herrien karta iraunkortasunaren bidean) sinatzean, eta Aalborg+10 2004ko uztailaren 30eko konpromisoak sinatzean, udaleko osoko bilkurak zenbait konpromiso hartu zituen, garapen iraunkorreko eredu baterantz joateko. Eredu hau errealitatea da orain, Udaleko Ekintza Plan honi esker.

Horrela, Getxoko Ekintza Plana lerro estrategiko hauetan egituratzen da, epe labur eta ertainean egingo diren ekintza guztiak barnean hartu nahi dituenak:

  • Garapen ekonomiko orekatu, anitza eta iraunkor baterantz aurrera egitea
  • Udalerriaren balio naturalak, bioaniztasuna eta paisaia jagotea
  • Udalerriaren hirigintzako hobekuntza bultzatzea
  • Mugikortasun iraukorra eta garraio publikoa bultzatzea
  • Ur horniduraren kudeaketa optimizatzea eta uraren kontsumoa arrazionalizatzea
  • Hiri hondakinen murrizketa eta birziklapena bultzatzea eta sustatzea
  • Udalaren energi kudeaketa optimizatzea
  • Atmosferaren kalitatearen udal kontrola hobetzea
  • Kalitate akustikoari buruzko udal jarduna eta kontrola hobetzea
  • Kutsatutako lurzoruen birsortzea bultzatzea
  • Udal kudeaketan ingurumen eta iraunkortasun irizpideak sartzea
  • Udalaren eta 21 Tokiko Agendaren kudeaketan herritarren parte hartzea bultzatzea

Hamabi lerro estrategiko hauetako bakoitzean dauden jarduketak zehatz-mehatz deskribatu dira. Haietako bakoitzari arduradun bat eman zaie, betetzeko epe bat ezarri zaie, eta jarduketa bakoitza finantzatuko duen erakundea aukeratu da.

Era berean, jarduketa bakoitzari jarraipenaren adierazle bat emango zaio. Horrela, betetze maila ebaluatuko dugu, modu kuantitatibo eta kualitatiboan ekintza plan honen betetzearen eta eboluzioaren jarraipen xehea egin ahal izateko