|
AURKEZPENA
Urtero bezala, irailean, Habanera eta Marinel Kantuen Getxoko Jaialdia izaten da udalean aire librean egiten den jaialdi zikloaren azken ekitaldia. Aurretik, Getxo & Blues, Getxo Jazz eta Getxo Folk izaten dira. XIX. Jaialdia izango da aurten eta irailaren 8an, 9an eta 10ean ospatuko da.
Getxo betidanik egon da itsasoari estu lotuta. Hainbat mendetan eutsi dio marinelen tradizioari eta itsasgizonek sarri-sarri abestu dizkigute habanera doinuak.
Ohi bezala, Areetako Geltokiaren Plazan izango da ekitaldia, karpa erraldoi batean, eguraldi ona egiten ez badu ere arazorik egon ez dadin. Aurreko urteetan bezala, ekitaldiak doakoak izango dira.
Euskeria Koruak inauguratuko du jaialdia. Ekitaldian Bilboko Koral Elkartearen abesbatza mistoan kide izango diren gazteek hartuko dute parte. Bigarren kontzertua Grup L'Empordanet kataluniar taldearen eskutik izango da. Antzinako "taberna kantak" ekarriko dituzte, ahozko musika bikaina instrumentuen melodia leunak lagundurik. Jaialdiaren amaieran, Madrilgo “Castilla canta Habaneras” (Gaztelan ere Habanerak) taldearen emanaldia izango da. Habanerekin eta Gaztelako abesti herrikoi eta sortu berriekin gozaraziko gaituzte.
Kontzertuez gain, ikus-entzuleek “Getxo eta itsasoa” erakusketaz gozatzeko aukera izango dute. Mostra karparen atzealdean antolatuko da, gure udalarekin eta itsasoarekin zerikusia duten antzinako irudiak ikusi ahal izango dira bertan.
Getxoztar zaleek gure udalean ohiko eta tradiziozko diren habanera eta marinel kantuekin gozatzea da jaialdi honen asmo nagusia, eta horretarako proposamen askotarikoa eta kalitatezkoa prestatzen saiatu gara.
|