GETXOKO XXI. NAZIOARTEKO FOLK JAIALDIA

Irailaren 1etik 4ra
KONTZERTU NAGUSIAK : Areetako Geltokiko Karpan - 21:30 Sarrera dohainik
ARRATSALDEKO KONTZERTUAK : Sta. Eugenia Kaleko Karpa / - 19:00. Sarrera dohainik
MUNDUKO TERRAZA : Sta. Eugenia Kaleko Karpa - 23:15 -Sarrera dohainik
HAURRENTZAKO KONTZERTUA: Areetako Geltokiko plaza - 12.00 - Sarrera dohainik
Nazioarteko Folk Jaialdiaren kartela

Boban Markovic, Sharon Shannon, Malkit Singh eta Olodum dira Getxo Folk 2005eko musika proposameneko artista nagusiak

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiak hogeita batgarren edizioko egitaraua prest dauka dagoeneko. Besteak beste, artista eta talde hauek aipatu behar dira: Boban Markovic, Sharon Shannon, Malkit Singh eta Olodum. Horiez gain beste zortzi talde daude, munduko musikak Getxora ekarriko dituztenak, irailaren 1etik 4ra arte. Lau egun horietan, oso herri ezberdinetan musika ikusteko eta sentitzeko dituzten moduak erakutsiko ditu Getxok. Egitarauan, musika emanaldiez gain, bestelako jarduerak daude: Bidezko Merkatua, Munduko Terraza, kaleko banden desfileak eta abar.

Boban Markovic serbiarra tronpeta jotzen

Kontzertu nagusiei dagokienez, aurten Boban Markovic Orkestar taldeak hasiko du Getxo Folk. Talde hau Balkanetako ijito-orkestrarik ospetsuenetako bat da. Bere eskutik, jendeak jai giroko musika entzungo du, dantzatzeko eta mugitzeko asmatua, baina bestelako alderdiak ere badituena (esaterako, malenkonia). Boban Markovicen jakituria instrumentalari esker, serbiar brass band-ak beste dimentsio batera iritsi dira. Talde honen legenda laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran abiatu zen. Hamarkada hartan, urtero-urtero irabazten zuten Gucarit-eko Dragacevo Jaialdi ezaguna, ijito-musikako metalen taldeetako jaialdi nagusia, Balkanetako talderik onenak biltzen dituena. Haien musika mundu osoan ezaguna da orain, eta zinera ere eraman dute Emir Kusturica zuzendari ospetsuaren eskutik.

Sharon Shannon irlandarrak irribarrez beroki gorriaren barruan

Irailaren 2an, Sharon Shannon, irlandar folkeko artistarik ezagunenetako bat, etorriko da. Urte gutxitan bere herriko musika tradizionaleko ezinbesteko erreferentzia bihurtu da. Clare konderriko Ruan herrikoa da Shannon; eremu profesionalean 1990ean agertu zen estreinako aldiz, Jim Sheridan ospetsuari esker, "The Hostage" musika egitasmoan txoko bat eskaini zionean, Galwayko Druide antzoki ezagunean antzeztua. Urte hartatik aurrera, Sharonen karrera arrakastaz josita egon da, eta zazpi disko grabatu ditu.

Malkit Singh indiako arropa ikusgarriarekin

Jaialdiaren erdialdean Malkit Singh jardungo da Getxon. "Bhangraren erregeak" mundu osoan zabaltzen ari den musika mota bat ekarriko digu Getxora, Punjabeko doinu tradizionalak erritmo elektronikoekin eta poparekin nahastuz. Malkit Singh 1963an jaio zen Hussainpur-en (Punjab, India), eta Punjabeko tradizio folklorikoko maisurik ohoragarrienekin ikasi zuen. Bere herrian "Golden Voice" sari garrantzitsua irabazi zuenean, ez zuen asmorik ere bere talentuari eta indarrari esker bhangra ohiturarik zaharrenetatik Indiako zinearen pantailetara (Bollywood deritzon industria indartsura) eta hortik mendebaldeko kultur eta abangoardia giroetara eramango zuenik. "Nach Gidde Wich Mitha" lanaren bitartez. Laster, Singh-i bhangraren errege deitzen hasi ziren. 1988an, "Upfront" diskoarekin, anglo-asiar zirkuitua gainditu zuen eta bhangraren historian gehien saldutako diskoa bihurtu zen. Harrezkero hogei lan atera ditu eta pelikula eta dokumentaletako musika idatzi du, esaterako, Mira Naïren "Montzoiko ezkontza" eta Gurinder Chadharen "Beckhamen modukoa izan nahi dut".

Azkenik, kontzeru nagusietako azkena emanaldi bikoitza izango da. Lehenik eta behin, Korrontzi taldeko kideak aterako dira oholetara. Proiektu honen bidez bizkaitar trikitilari ezagunen lana omendu nahi dute. Gero Olodum kultur kolektiboak joko du. Talde hau 1979an sortu zuten Salvador de Bahíako Maciel-Pelourinho barrutiko bizilagunek (Brasilen), Inauterian talde antolatu edo "bloco" gisa parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko. Olodum taldean, hamasei urtean, 800 lagun izatetik 3.000raino iritsi dira Inauterietako desfilean. Eurek estaen dutenez, "Kultura beltzaren balioak gorde gura dituen taldea" da Olodum. Haientzat, arrazismoaren aurkako borroka funtsezkoa da. Talde honen barnetik musika talde bat sortu zen, nazioartean garrantzi handia hartu duena, "The Rhythm of the Saints" bezalako lanei esker eta Paul Simonen neurriko artistekin lan egiteagatik.

Bestelako kontzertuak

Cadizeko Ea taldeko kideak argazkirako jarrita

Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, nazioartean hain ezagunak ez diren baina kalitatea erruz duten taldeei zabalik jarraitzen dute. Aurtengoan, Luétiga (Kantabria), EA y Tttakunpa (Cádiz-Euskadi) eta Blue Horses (Erresuma Batua) taldeak izango ditugu gurekin.

Xera taldeko kideak balkoian

Gauez, Munduko Terrazan, Areetako Geltokiko Plazaren ondoko aparkalekuko karpan, jendeak hurbilagoko erritmoak gozatu ahal izango ditu, Injuve Musikaren Zirkuituen atalean parte hartzen duten talde gazteenak, esate baterako, Munduko Terrazan jardungo baitute. Aurtengo honetan, Aira Da Pedra (Gaztela-Leon), Anabel Santiago (Asturies) eta Xera (Asturies) izango dira bertan.

Oskorriren espektakuluaren kartela

Gaztetxoenek ere euren txokoa izango dute folkean "Doctor Do, Re, Mi" ikuskizunarekin, Oskorri euskal talde ezagunaren eskutik, Gipuzkoako haur-kantetan oinarrituta. Ikuskizun honetan umeak dira protagonista nagusiak, jokoetan, jardueretan eta abestietan haien parte hartze aktiboa beharrezkoa delako.

Gainera, beste herri batzuetako kale-bandek desfileak egingo dituzte. Horrela, herriko kaleak erritmo tradizionalen erakusleiho ikusgarria izango dira. Aurtengoan, eskoziar gaiten banda bat (British Airways Pipe Band) eta bavariar haize-talde bat (Traktenkapelle) etorriko dira gurera. Azkenik, jaialdian Bidezko Merkatuaren edizio berria egongo da (irailaren 1ean), zenbait GKErekin lankidetzan. Munduko Merkatua, berriz, abuztuaren 30etik irailaren 4ra arte izango da.