GETXOKO XXI. NAZIOARTEKO FOLK JAIALDIA

Olodum taldeak jende ugari erakarri zuen folk jaialdira

GETXOKO FOLK JAIALDIAREN KONTZERTUEK ETA JARDUEREK

48.000 LAGUN BILDU DITUZTE

2005-09-06

Atzo amaitu zen Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren 21. edizioa, lau egunetan zehar udalerri bizkaitarra kulturen arteko topagune bilakatu duena. Irailaren 1etik 4ra, 48.000 lagunek gozatu dute Romo eta Areetan egindako kontzertuez eta jarduerez. Guztira, 11 musika emanaldi izan dira eta, horiekin batera, Munduko Terrazak, Munduko Azokak, Bidezko Azokak eta tailerrek jai-giroa eta kulturen arteko harremana sustatu dute Getxo Folken.

 

Areetako Geltokiko plazan egin diren kontzertu nagusiek arrakasta handia lortu dute aurten ere. Malkit Singh "bhangraren erregea"ren saioa jendetsuena izan zen, karpan eta inguruetan 4.500 lagun bildu zirela. Sharon Shannon artista irlandarraren saioak eta azken egunekoak, Korrontzi euskal taldearen eta Olodum brasildarren kontzertu bikoitzak, 8.000 lagun bereganatu zituzten. Boban Markovic Oskestar serbiarraren emanaldiak osatu zuen erritmo oso ezberdinen erakusleiho bihurtu den kontzertu nagusien programa.

 

Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, Romoko Santa Eugenia kaleko karpan eskainitako saioek aurreko urteetan ezarritako ildoari heldu diote. EA! eta Ttakunpa taldeen arteko lankidetzak Euskal Herriko eta Andaluziako doinuak uztartu zituen arrakasta handiz. Beste hainbeste gertatu zen Blue Horses taldea ordezkatu zuen Mexikoko Mariachi Imperial de Nochistlánekin. Guztira, 3.000 bat lagun etorri ziren emanaldi hauetara. Bestalde, Kantabriako Luétiga taldeak 1.000 bat ikusle bildu zituen jaialdiaren lehenengo egunean.

 

Ohikoa denez, Munduko Terrazako kontzertuek (Santa Eugenia kalean, 23:15etan), Injuve Musika Zirkuitua osatzen duten talde gazteak izan dituzte protagonista. Aurten Anabel Santiago eta Xera asturiarrak eta Gaztela eta Leongo Aira da Pedra taldeek parte hartu dute emanaldi hauetan. Bestalde, txikienek Oskorri eta Kukubiltxo taldeen azken ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten Areetako Geltokiko plazan. Haurrentzako emanaldi honek 2.000 bat lagun bildu zituen. Azkenik, Eskoziako British Airways Pipe Band eta Bavariako Traktenkapelle taldeek jaialdiaren musika eskaintza osatu dute. Bi talde hauek kale giroa alaitu dute eta talde alemaniarra atzo bertan Romon ospatu zen oktoberfestan jardun zen.

 

Elkartasunerako gunea

 

Herrien eta kulturen arteko elkartasuna bultzatzeko ekitaldiek lortutako arrakasta aipatu behar da. Zenbait gobernuz kanopoko eta etorkin- erakundeen laguntzaz antolatutako Bidezko Azokak, Munduko Azokak, tailerrek eta Munduko Terrazako gastronomiaren guneak milaka lagun bereganatu dituzte. Datorren urteari dagokionez, jaialdiak bere filosofiari eutsiko dio: talde ospetsuak eta musikari gazteak uztartzen dituen musika egitaraua eskaini eta herrien arteko elkartasuna bultzatzen duten jarduerak bultzatu.